Politika -
NAFARROA
EH Bilduk Laura Aznal proposatu du Nafarroako Parlamenturako zerrendaburu
Joseba Asiron izango da Iruñeko Udalerako zerrendaburua. Hautagaiak proposatzeko barne-prozesuak zabalik jarraituko du maiatzaren 8ra arte.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
EH Bildu Nafarroako Mahai Politikoak Laura Aznal proposatu du datozen hauteskundeetarako Nafarroako Parlamenturako zerrendaburu, eta Iruñeko Mahai Politikoak Joseba Asiron Iruñeko Udalerako zerrendaburu.
Nafarroako EH Bilduren Mahai Politikoaren arabera, "Aznalek kaudimen politiko eta profesional egiaztatua du, azken urteotan EH Bildun erakutsi duena, Ezkabarteko zinegotzi eta parlamentari gisa, eta Volkswagenen egin duen 20 urteko ibilbidean".
Aznalek esan du ilusioz eta konpromisoz EH Bilduren Nafarroako zerrendaburu izateko hautagaiatza onartzea erabaki duela, eta eskerrak eman ditu.
Iruñeko EH Bilduren Mahai Politikoak, bere aldetik, honako hau adierazi du: "Joseba Asiron da eraikitzen jarraitu nahi dugun Iruñerako hautagai egokiena. Etorkizuneko Iruñea, aniztasuna errespetatzen duena eta iraunkortasunaren alde egiten duena. Iruñea ezkertiarra, feminista eta arrazakeriaren aurkakoa defendatzen duena".
Hautagaiak proposatzeko barne-prozesuak zabalik jarraituko du maiatzaren 8ra arte. Datozen asteetan EH Bilduren oinarriek aurkeztutako hautagaitzak bozkatu beharko dituzte, EH Bilduren barne araudian jasotzen den bezala.
Kasu bakoitzean hautagaitza bakarra egongo balitz, bozketa maiatzaren 12, 13 eta 14an egingo lukete, koalizioak ohar batean jakinarazi duenez.
Hautagai-zerrenda bat baino gehiago egonez gero, haien arteko eztabaida-prozesu bat egingo litzateke maiatzaren 11tik 25era bitartean, eta bozketa maiatzaren 26an, 27an eta 28an egingo lukete.