Politika -
ESPIOITZA POLITIKOA
"Atzerriko herrialdeak edo Estatuko beste erakunde batzuk" jo ditu "errudun" Estebanek, Rufianen arabera
Kongresuko Gastu Erreserbatuen Batzordean egindako bileratik atera berritan, ERCk Kongresuan duen bozeramaileak adierazi du "ziurrenez" Espainiako Gobernuko "goi-kargudun" gehiago zelatatu dituztela.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
CNIk onartu egin du zenbait independentista zelatatu zituela, horretarako baimen judiziala zuela esanez. Paz Esteban Espainiako Inteligentzia Zerbitzuko (CNI) zuzendariak agerraldia egin du, gaur goizean, Kongresuko sekretu ofizialen batzordean, Espainiako Gobernuak eta Kataluniako eta Euskal Herriko politikari independentistek salatutako espioitza kasuei buruzko azalpenak emateko, eta bertan jakinarazi du 20 bat politikari independentista zelatatzeko baimena eman ziela Pablo Lucas Auzitegi Goreneko epaileak.
Bileratik atera berritan, eta bertan hitz egindakoaz informaziorik ezin duela zabaldu azaldu ondoren, Gabriel Rufian ERCk Kongresuan duen bozeramaileak esan du Estebanek espioitza onartu egin duela, baina ez duela egoera bideratzeko inolako proposamenik egin. Baimen judizialarekin zenbat pertsona zelatatu diren ez du argitu, datu horiek zabaltzeak bere "inhabilitazioa ekar dezakeelako".
Halere, aditzera eman du Estebanek bi "errudun" ikusten dituela, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari eta Margarita Robles Defentsa ministroari Pegasus programaren bidez egindako espioitzaren atzean: "atzerriko herrialde bat edo herrialde batzuk, edota Estatuaren 'estolderia' deiturikoetako beste erakunde batzuk". Bata zein bestea "oso larriak" direla esan du.
Batetik, espioitzaren arduraduna atzerriko herrialderen bat bada, Rufianen hitzetan, agerian geratuko litzateke "Estatuak segurtasun nazionalaren alorrean duen zulo ikaragarria". Zentzu horretan, Espainiaren segurtasuna zaintzearen ardura dutenen dimisioa beharrezkoa dela iritzi dio, Roblesi eta Estebani erreferentzia eginez. "Eutsiezina da egoera", esan du.
Bestetik, zelataria Estatuko "beste erakunderen bat izatea" ere oso larritzat jo du ERCko kideak, eta kasu horretan, Barne Ministerioko arduradunak ere jomugan leudekeela adierazi du.
Ikerketa batzordea inoiz baino beharrezkoa dela nabarmendu du, eta entzundakoak entzunda, "ziurrenez", Espainiako Gobernuko "goi-kargudun" gehiago zelatatu dituztela uste du. "Bilerara sartu garen bezala atera gara. Ez sekretu ofizialik, ez estraofizialik", gehitu du.