Politika -
Espioitza politikoa
CNIk hogei bat independentista zelatatu zituen baimen judizialekin
Pere Aragones Generalitateko presidentea omen da baimen judizialaren zelatatutako 20 politikarietako bat. Paz Esteban CNIko zuzendariak ez du bere gain hartu gainerako kasuen ardura, eta atzerriko potentziak jo ditu erantzule, gehiago zehaztu gabe.
Agentziak | EITB Media
Paz Esteban Inteligentzia Zentro Nazionaleko (CNI) zuzendariak 20 bat politikari independentista zelatatzeko baimen judizialak aurkeztu ditu ostegun honetan Kongresuko Gastu Erreserbatuen Batzordean.
Bilerako iturriek EFEri adierazi diotenez, Estebanek argi utzi du CNIko zuzendari gisa zituen erantzukizunak hogei entzuketa horietara mugatzen direla. CNIren zuzendariak Kataluniako prozesu independentistarekin lotutako jarduketen inguruko dokumentazio ugari eraman du batzordera, baita ekintza horietarako baimen judizialak ere, izen eta abizenekin. Aipatu iturrien arabera, Pere Aragones Generalitateko presidentea zelatatzeko baimena eman zuen.
Hala eta guztiz ere, ez du bere gain hartu kasu horiez aparteko beste kasuen ardura, tartean Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchez edo Defentsa ministro Margarita Roblesena. Bozeramaileen galderei erantzunez, CNIko arduradunak esan du berak ez dakiela nor dagoen horien atzean, baina iturri batzuen arabera, atzerriko potentziak aipatu ditu hark, gehiago zehaztu gabe.
Gabriel Rufian ERCk Kongresuan duen bozeramaileak azaldu duenez, CNIk onartu du baimen judizialarekin zelatatu zutela The New Yorker aldizkariak argitaratutako zerrendako independentisten artetik "kopuru jakin bat", baina entzuketen biktima izan diren gainerako pertsonentzat, besteak beste, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearentzat, bi 'errudun' aipatu ditu CNIk: atzerriko herrialde bat, edo Estatuaren 'estolderia' deiturikoetako beste erakunde batzuk.
Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramailearen esanetan, bileran ez da izan "Defentsa ministroak iragarri zuen moduko sorpresarik".
Independentisten espioitza izan da Estebanen azalpenen ardatza, Hector Gomez Kongresuko Talde Sozialistaren bozeramaileak zehaztu duenez, eta ez da asko jorratu Pedro Sanchez presidentearen eta Robles ministroaren mugikorren infekzioa.
Hain zuzen ere, horixe kritikatu du Cuca Gamarra PPko bozeramaileak. Bere hitzetan, Estebanek ez du gai horri buruzko informaziorik eman, eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Kongresuan agerraldia egitea "inoiz baino beharrezkoagoa" dela defendatu du, bere telefono mugikorrari egindako espioitzari buruzko azalpen guztiak emateko eta Pegasus baliatuta Gobernuko beste kiderik espiatu dituzten jakiteko.
Pablo Echenique Unidas Podemosek Kongresuan duen bozeramaileak esan du "sartu garenean baino kezkatuago atera" direla. "Esan denarekin, gutxitu ez eta indartu egin da erantzukizun politikoak argitzeko beharra", azpimarratu du.