Politika -

Espioitza politikoa

Bukatu da CNIko zuzendariaren agerraldia sekretu ofizialen batzordean

Paz Estebanek espioitza politikoen inguruko azalpenak eman ditu Kongresuan. EH Bilduk eta alderdi independentista kataluniarrek ez zuten ezer argitzerik espero, edukiaren izaera sekretua eta batzordearen "opakutasuna" dela eta.

Paz Esteban CNIko zuzendaria Kongresura iritsi denean.
Paz Esteban CNIko zuzendaria Kongresura iritsi denean.
Paz Esteban agerraldia egiten ari da Kongresuan, espioitza kasuei buruzko azalpenak emateko

1:40

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sekretu ofizialen batzordea bildu da Diputatuen Kongresuan, Paz Esteban CNIko zuzendariaren agerraldia entzuteko. Goizean hasi da, espioitza politikoaren inguruko azalpenak emateko. Halere, ERC eta EH Bildu alderdi independentistek argi utzi dute batzordearen baliagarritasunaren inguruan zalantzak dituztela, espioitza zeinek agindu zuen jakin nahi baitute, baina ez dute hori argituko den "itxaropen handirik".

Hiru ordu eta erdiz hitz egin du Estebanek, ateak itxita eta mahaian telefono mugikorrik ez zutela. Meritxell Batet Kongresuko presidentea buru duen gastu erreserbatuen kontrolerako batzordea 09:00etan hasi da, segurtasun neurri zorrotzekin eta espioitza politikoaren polemika argitzeko ikusmin mediatiko handiarekin. Espioitza horrek, dozenaka buruzagi independentistari ez ezik, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari eta Margarita Robles Defentsa ministroari ere eragin die.

Batzordean parte hartu duten hamar talde parlamentarioetako bozeramaileek giltzapean utzi behar izan dituzte euren mugikorrak, CNIko zuzendariak erakuts ditzakeen paperen gainean gorde behar duten sekretua dela eta. Bertara iritsi denean, bere postua arriskuan ikusten ote duen galdetu diote CNIko zuzendariari; horrek, baina, ez du hitz erdirik esan. 

Berrogeita hamar kazetari, argazkilari eta erredaktore inguru bildu dira Kongresuan, Mariana Pineda aretoaren sarreran, brtan biltzen baita Kongresuko Bozeramaileen Batzordea. Bi urtez blokeatuta egon ondoren elkartu da berriro organo hori, informazio sailkatua eta Pegasus kasuaren inguruko sekretuak jorratzeko.

Gabriel Rufian ERCko bozeramaileak Kongresura iritsi denean esan du ez duela "ezer" espero; izan ere, "zentzugabea" deritzo bilkura kamerarik gabe egin eta gero "barruan gertatu denaz ezer esan ezin izatea".

"Politikaria naizen aldetik, ordezkari publikoa naizen aldetik, ezin naiz pozik izan halako opakutasuna duen ezerekin", gaineratu du Rufianek, eta Pegasus sistemarekin espiatu duena "Maroko ala CNI" izan den galdetuko duela esan du.

Ildo beretik mintzatu da Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramailea, eta esan du ez dutela "itxaropen handirik", batzordean esaten den guztia "sekretua" delako.

"Lehen aldiz goaz bertara, esaten digutena entzungo dugu, eta horren arabera baloratuko dugu egoera", adierazi du.

Galderei dagokienez, "argitu beharreko gauza asko" daudela esan du, hala nola "zelatatzeak nork eta nola egin dituen". 

Miriam Nogueras JxCateko bozeramaileak ere "gauza gutxi" espero du. "Ikusiko dugu zer azaltzen diguten", esan du iritsi denean.

Bestalde, Hector Gomez bozeramaile sozialistak esan du CNIko zuzendariaren azalpenek "argia" ematea espero duela, politikarien espioitzak ahalik eta azkarren argitzeko.

Edmundo Bal Ciudadanoseko kideak berriro esan du "estatuaren etsaiek" ez luketela batzordean egon behar, agerian geratzen diren sekretuak "ezegonkortasuna bultzatzeko" erabil ditzaketelako; ez du zalantzarik, ordea, Estebanek ez duela segurtasun hori arriskuan jar dezakeen ezertaz hitz egingo EH Bilduren, ERCren, CUPen edo Juntsen aurrean.

Ivan Espinosa de los Monteros Voxen bozeramaileak CNIko zuzendariari babesa ematea eta inteligentzia-zerbitzuek egiten duten guztia "legearen baitan" egiten dela ziurtatzea espero duela esan du, eta ez duela uste CNIk gertatutakoagatik inolako erantzukizunik hartu behar duenik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Delituak Espainiako Gobernua EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak ERC Espioitza Politikoa Dokumentu sailkatuak