Politika -
Espioitza politikoa
Kataluniako Gobernuaren konfiantza berreskuratzeko dimisioak eskatu dizkio Aragonesek Sanchezi
Generalitateko presidentearen hitzetan, Espainiako gobernuburua, Pegasus auzian egiten ari den kudeaketarekin, "elkarrizketaren eta negoziazioaren bidea zapuzten ari da".
Agentziak | EiTB Media
Pere Aragones Generalitateko presidentearen ahotan, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua, Pegasus auzian egiten ari den kudeaketarekin, "elkarrizketaren eta negoziazioaren bidea zapuzten ari da". Horregatik, erantzukizunak garbitzea eskatu dio, Kataluniako Exekutiboaren konfiantza berreskuratzeko.
Aragonesek Ekonomia Zirkuluaren XXXVII. Bileran parte hartu du asteazken honetan, Bartzelonan.
Generalitatearekin duen elkarrizketan sinesten baldin badu, gaiaren kudeaketan "inflexio-puntu bat" eskatu dio Aragonesek Espainiako Gobernuko presidenteari. Horrela, espioitzaren erantzukizunak garbitzeko galdegin dio, Kataluniako Exekutiboaren konfiantza berreskuratzeko eta gatazka konpontzeko, negoziazio prozesuari berriro heltzeko.
"Estatuko Gobernuaren eta Sanchez presidentearen negoziazio borondatea benetakoa baldin bada, espioitza nork agindu duen, zertarako eta informazioa eskuragarri nork izan duen argitzea ezinbestekoa da. Estatuko Gobernuaren presidenteak elkarrizketan benetan sinesten baldin badu, erantzukizunak onartzea eta garbitzea beharrezkoa da", esan du.
Exekutiboko buruzagi izendatu zutenetik "gatazka politikoa konpontzeko elkarrizketa eta negoziazio prozesu bat zabaltzearen aldeko apustu garbia" egin duela aldarrikatu du Kataluniako presidenteak.
Hala ere, orain arte "Estatuko Gobernuak konpromiso berdina" azaldu ez diola deitoratu du. Zentzu horretan, desengainua hartu duela erantsi du Aragonesek.
Espainiako gobernuburuari eta Margarita Robles Defentsa ministroari egindako espioitzak eta independentistei egindakoak erantzun "zeharo" ezberdinak izan dituztela uste du Kataluniako presidenteak.
"Ezin daiteke espioitza on eta justifikagarri bat egon, eta beste bat, justifika ezina dena. Erronka guztiei aurre egiteko erabat ezinbestekoa den elkarrizketa instituzionalerako guztiz onartezina dela uste dugu", gaineratu duenez.
Pegasus auzia argitu arte, krisiaren kontrako dekretuarekin gertatu bezala, ERC Diputatuen Kongresuan Gobernuaren ekimen guztien aurkako botoa emango ote duen galdetu diote Kataluniako buruzagiari. "Kasuz kasu" aztertuko dutela erantzun du Aragonesek, baina exigentzia maila altua izango dutela iragarri du.