Politika -
Frantzia
Alderdi Komunistak Melenchonen aliantzarekin bat egin du ekaineko hauteskunde legegileei begira
Horrela, komunistak, Frantzia Intsumisoa eta Berdeak elkarrekin aurkeztuko dira ekainaren 12ko eta 19ko bozetara; azken biek igandean akordio historikoa itxi zuten. Orain Alderdi Sozialistak koalizioarekin bat egiten duen ikusi beharko.
Agentziak | EiTB Media
Jean-Luc Melenchon buru duen Frantzia Intsumisoak bultzatutako aliantzan sartzea onartu du Frantziako Alderdi Komunistak astearte honetan.
"Aniztasuna eta autonomia errespetatuz, asmo handiko programa partekatzen dutenekin bat egin nahi dugu", azaldu du Alderdi Komunistak, BFMTV telebistak zabaldutako ohar batean.
"1936ko maiatzaren 3an, Fronte Popularrak hauteskunde legegileak irabazi zituen. 2022ko maiatzaren 3an Batasun Ekologiko eta Sozial Berri Batean elkartuko gara", idatzi du Fabien Rousselek komunisten idazkari nagusiak Twitter sare sozialean.
Alderdiaren gehiengo zabal batek babestu du akordioa. Horrela, 50 hauteskunde barrutitan hautagaitza aurkeztuko du, horietako 11tan garaipena lortzeko itxaropenarekin.
Besteak beste, 1.400 euroko gutxieneko soldata, soldata igoerak, 60 urterekin erretreta, prezioak izoztea edo trantsizio ekologikoa adostu dituzte bi indarrek, baina energia nuklearrari uko egiteko baldintzaren inguruan ez dute ezer zehaztu, nahiz eta komunistek defendatutako politika izan.
Honenbestez, komunistak, Frantzia Intsumisoa eta Berdeak elkarrekin aurkeztuko dira ekainaren 12ko eta 19ko bozetara; azken biek igandean akordio historikoa itxi zuten. Orain Alderdi Sozialistak koalizioarekin bat egiten duen ikusi beharko.
Jean-Luc Melenchon Frantzia Intsumisoko buruzagiak botoen ia % 22 erdietsi zituen presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulian, eta ekaineko bozen ondotik lehen ministro izatekoa asmoa ez du ezkutatzen. Horregatik, ezkerreko aliantza bat bilatzen ari da.