Politika -

Euskara

Kontseiluak "herritarren eskubideen aurkako erasotzat" jo du PAI programaren legea

Erakundeak salatu duenez, "egungo hezkuntza-ereduak ukatu egiten die milaka haur eta gazteri euskara ezagutzeko eskubidea", eta "zitala" iruditzen zaio ingelesa jakiteko balizko eskubidea erdigunean jartzea. Larunbateko manifestazioarekin bat egiteko deia egin dute.

Kontseiluaren agerraldia, gaur goizean.
Kontseiluaren agerraldia, gaur goizean.
Kontseiluaren agerraldia, gaur goizean.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskararen Kontseiluak "herritarren eskubideen aurkako erasotzat" jo du, PAIko irakasleak egonkortu eta ingelesezko ikaskuntza-ereduan aurrera egiteko helburuz, PSNk eta Navarra Sumak lortutako akordioa.

Hala salatu du Paul Bilbao idazkari nagusiak astearte honetan, Iruñeko Antoniuti parkean eskainitako prentsaurrekoan. Bertatik abiatuko da larunbatean, hilak 7, herritar guztien hizkuntza-eskubideen alde antolatuta "Herritarrak ez gutxietsi" lelopean egingo den manifestazioa.

Eleduna Kontseilua osatzen duten erakundeetako hainbat ordezkarirekin agertu da, besteak beste, AEK, IKA, Sortzen, Topagunea, Euskal Herrian Euskaraz eta Emun, bai eta Hizkuntz Eskubideen Behatokia ere.

Lehenik eta behin, joan den ostegunean Nafarroako Parlamentuak PAI programa eredu bihurtzeko hartutako erabakia izan du hizpide Bilbaok: "Oso larria iruditu zaigu. Hain zuzen ere, Nafarroako berezko hizkuntza ezagutzeko herritarren eskubidea bermatzeari begira botere publikoek betebehar zehatza dute, gaur egun Nafarroako Gobernuak betetzen ez duena".

"Hori nafarren arteko berdintasunaren aurkako kolpe bat da. Izan ere, egungo hezkuntza-ereduak milaka haur eta gazteri ukatzen dio euskara ezagutzeko eskubidea, eta euskararen gutxieneko noziorik gabe uzten ditu. Horren aurrean, ingelesa ezagutzeko balizko eskubidea erdigunean jartzea zitala da. Erabaki euskarafoboei existitzen ez diren eskubideen fatxada jarri nahi diete", gaineratu du.

Bilbaok gogora ekarri duenez, PAI abian jarri zenean, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko orduko presidenteak argi eta garbi esan zuen telebista bateko elkarrizketa batean zein zen PAI programaren helburu nagusia "euskarazko irakaskuntzaren hedapena geldiaraztea".

Horrekin batera, Kontseiluko idazkari nagusiak gogoratu du zein izan zen maiatzaren 7ko manifestazioa antolatzeko lehen arrazoia: "Nafarroako Gobernuak euskara eta euskal hiztunak zokoratuko dituen araudi bat onartu nahi du, lurraldean inolako estatusik ez duen hizkuntza bat gainean jarriz". UPNren garaiko politiketara itzuli nahi izatea, eta epaitegiek onetsitako neurriak ere ezabatu nahi izatea salatu du.

"Alderdi politikoei ere eskaera zuzena egin nahi diegu: desadostasunaren aitzakia ezin da erabili horrelako erabakiak onartzeko" esan du, eta zer gaineratu: "Euskara eta euskal hiztunen komunitatea desagerrarazteko erabakiek legebiltzarraren babesa izateak ez du esan nahi erabaki demokratikoak direnik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Politika PSN Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentua Navarra Suma Kontseilua