Politika -
Espioitza politikoa
Taldeen erreakzioak, Sanchez eta Robles ere Pegasusekin zelatatu zituztela iragarri ostean
Iragarpena "ke-pantaila" bat dela uste dute EH Bilduk eta indar katalanek, eta euren kasuekiko jarrera irmo bera eskatu dute. Unidas Podemosek "erantzukizunak argitzea" galdegin du, eta PPk "babes argia" azaldu dio Sanchezen Gobernuari.
Agentziak | EITB Media
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen eta Margarita Robles Defentsa ministroaren telefonoak Pegasus softwarearekin kutsatu zituztela iragarri du gaur, ezustean, Felix Bolaños Presidentetza, Gorteekiko Harreman eta Memoria Demokratikoko ministroak. Iragarpena egin eta gutxira hasi dira alderdi politikoen buruzagiak horren inguruko iritziak ematen.
EH Bildu
Jon Iñarritu EH Bilduko diputatu eta Pegasusekin zelatatutako buruzagi abertzaleak uste du Espainiako Gobernuak egindako iragarpena "ke-pantaila" bat dela eta espioitza kasu guztiei "irmotasun berarekin" erantzuteko eskatu dio Espainiako Gobernuari, "kasu guztiak baitira larriak", arrazoitu du Twitterren argitaratu duen mezu batean.
Oskar Matute koalizio subiranistaren diputatuak ikerketa galdegin du: "Hau guztia Estatuko estolden parte ez dela argitu behar da". Matuteren iritzian, "bada gauza bat zalantzazkoa dena: orain arte esan digutenagatik, Pegasus programa estatuei bakarrik saltzen diete eta oraingoan iradoki digute kanpoko erakunde bat dagoela".
EAJ
Aitor Esteban EAJk Kongresuan dun bozeramailearen aburuz, beharrezkoa da "ikertzea noraino heldu den kontrolik eza". Azpimarratu duenez, "orain bai, ikerketa batzordea osatu behar da Kongresuan", hartara, "arduradunak nortzuk diren zehaztu eta eskatu beharreko dimisioak eskatu" ahalko dira.
"Denbora generaman ohartaraziz inork ezin zuela segurtasunez esan zelatatua egon ez zenik. Espioitzaren ingurumaria guztiak argitu behar zirela azpimarratu genuen hainbat aldiz. Eta, hara non, orain jakin dugu Gobernuko presidentea eta ministro bat ere zelatatu dituztela", adierazi du.
ERC
Espioitza politikoaren aurrean Espainiako Gobernuak darabilen "neurri bikoitza" kritikatu du Pere Aragones Kataluniako Gobernuko presidenteak txio batean: "Espioitza masiboa Kataluniako erakundeen, alderdien eta eragileen kontrakoa denean, isiltasuna eta aitzakiak. Gaur, dena da presa. Erantzukizunak ja hartu behar dituzte euren gain".
Bien bitartean, Oriol Junqueras ERCko presidenteak buruzagi katalanei egindako espioitza ikertzea eskatu du, "balizko koartadak gorabehera". Txio batean, honakoa erantsi du Junquerasek: "Demokraziaren izenean, gertakari guztiak argitzeko erabateko gardentasuna behar da".
Ironikoago mintzatu da Marta Rovira alderdiko idazkari nagusia, hori ere Twitterren: "Moncloak dio Moncloa zelatatu dutela Moncloak duen Pegasus programarekin. Orain, erantzukizun politikoak ez ditu Moncloak hartuko".
Junts
Laura Borràs Junts alderdiko kide eta Kataluniako Parlamentuko presidentea zalantzati agertu da, uste baitu Pedro Sanchezen Gobernuaren "amarrua" izan daitekeela espioitza politikoaren "borrero izatetik biktima izatera igarotzeko". "Sanchez eta Robles zelatatuak izan direla diote. Orain bai, larria da auzia. Independentismoari bakarrik eragiten zionean, ministroak justifikatu egiten zuen. Erabilgarriak izateko, estoldak ez direla garbitu behar esatea agerian uzteko ala amarrua al da borrero izatetik biktima izatera pasatzeko? Bye CatalanGate? Ez diguzue ziria sartuko", esan du Borrasek.
CUP
Albert Botran CUPek Kongresuan duen diputatuak ere galdera bota du: "Borreroak biktima bihurtzeko ke-pantaila? Atentzioa nazioartera bideratzeko saiakera? Edo CNI bera 'Espainiako batasunaren alde' zelatatzen? Nolanahi ere, premiazko ikerketa batzorde bat behar da gertakari guztiak argitzeko".
Eusko Jaurlaritza
Galdetu dioten arren, Iñigo Urkullu lehendakariak ez du Pegasusekin egindako zelatatzeen inguruko iritzirik eman nahi izan. "Ez, grabatzen ari dira eta", bota du ironiaz.
Unidas Podemos
Espainiako Gobernuko bazkide eta koalizio morearen izenean, Yolanda Diaz bigarren presidenteorde eta Lan ministroarentzat "ezinbestekoa" da Pegasus auzia "azkeneraino" ikertzea eta "erantzukizunak modu eraginkorrean eta azkar argitzea".
Ildo beretik mintzatu da Ione Belarra koalizioaren idazkari nagusi eta Eskubide Sozial eta 2030 Agendako ministroa ere. "Gure demokrazia eta herritarren konfiantza jokoan daude, erantzukizunak argitu behar dira. Espioitza Estatuaren segurtasunean egindako arrakala sakona da, datorren tokitik datorrela, onartezina da", esan du.
PP
Alberto Nuñez Feijoo Alderdi Popularreko buruzagia "harrituta" azaldu da Bolañosek egindako iragarpenarekin. Dena dela, Espainiako Gobernuari "erabateko babesa" azaldu dio eta segurtasun neurriak "bereziki zaintzeko" eskatu du. Hori gorabehera, ohartarazpena egin dio Sanchezi: ez du PPren babesa izango Espainiaren batasunaren alde ez dauden taldeak sekretu ofizialen batzordean parte hartzeko.
Ciudadanos
Begoña Villacis Madrilgo alkateorde eta Ciudadanoseko zuzendaritzako kidearentzat "kasualitate handia" da Sanchez eta Robles zelatatuak izan zirela orain jakin izana: "Buruzagi independentistak zelatatu dituztela jakin denean, berehala jakinarazi da Sanchez presidenteari ere zelatan ibili zaizkiola". Era berean, Edmundo Bal Cs-k Kongresuan duen bozeramaileak iragarri du taldeak galdera sorta egingo duela bihar Kongresuan auzi horren inguruan.
Vox
Azkenik, Rocio Monasterio Madrilgo Erkidegoan alderdi ultraeskuindarrak duen bozeramaileak Sanchezi eta Roblesi egindako espioitza "argitzeko" eskatu du, baina deitoratu du auzi horrengatik "Kataluniako kolpisten biktimismoari" kasu egiten ari zaiola.