Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadi
Aburto, 2023rako bere hautagaitzari buruz: "Alderdiak erabakiko du, helduko da erabakia hartzeko garaia"
"Oraindik urtebete falta zaigu hauteskundeetarako, eta proiektu asko dauzkagu mahaigainean, oraindik ez nago horretan pentsatzen", esan du Bilboko alkateak, beste legealdi baterako hautagaitza aurkezteari buruz.
Iker González | eitb media
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak 2023ko udal eta foru hauteskundeetarako bere hautagaitzari buruz adierazi duenez, "alderdiak erabakiko du, eta ziur nago erabaki zuzena hartuko duela, abantaila bat daukagu, hain zuzen, gure oinarriek hartzen dituztela erabakiak, prozesu luzea eta lasaia da. Lasaitasuna, helduko da eta erabakia hartzeko ordua".
Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan egindako elkarrizketa batean, Aburtok berretsi egin du oraindik urtebete falta dela hauteskundeetarako, "eta proiektu asko dauzkagu mahaigainean, oraindik ez nago horretan pentsatzen".
AHTaren Bilboko geltokiari buruz galdetuta, alkateak esan du beharrezkoa dela "urratsak ematea, helduko da finantzaketa". "Orain aurrera begiratzeko ordua da, lehen aldiz akordioa daukagu, protokolo bat sinatuta"; eta gaineratu du agian uda eta gero egon litekeela proiektua esleituta.
Era berean, Aburtoren iritzian, lanak gauzatzea Jaurlaritzaren zeregina izatea, ministerioaren aldetik enkargua jasotzen duenean, "prozesua nolabait arindu ahal izango duen elementua da". Halere, alkateak ez du datarik zehaztu nahi izan.
Bestalde, Bilbon ustez lau gizon hil dituen gizonaren kasuaren inguruan Aburtok esan duenez, "une lasai batean gaude, lasaitasun tirabiratsua. Ertzaintza instalazio zentraletatik ari da ikertzen, ez Bilboko polizia-etxetik. Zuhurrak izan behar gara, ezin dugu gizartea asaldatu datu egokiak izan barik, itxaron dezagun, ikerketak aurrera jarraitzen du, eta ez dugu daturik".