Politika -
ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
Denis Itxaso, Pegasus auziaz: "Azalpenak entzun gabe dimisioak eskatzea ez da oso logikoa"
Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak espero du Sekretu Ofizialen Batzordean emango diren azalpenak inbestidurako alderdientzat "nahikoak" izatea. Denis Itxasoren arabera, Espainiako Gobernuak garrantzi handia ematen dio inbestidurako blokeari, baina PPrekin negoziatzeari uko egin gabe.
Onintza Aiestaran | EITB MEDIA
Pegasus espioitza politikoaren auziak zeresana ematen jarraitzen duen honetan, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak esan du gaiari buruzko azalpenak eskatu eta horiek entzun baino lehenago dimisioak eskatzea ez dela oso logikoa. Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan adierazi duenez, Espainiako Gobernuak espero du Kongresuko Sekretu Ofizialean Batzordean aste honetan emango diren azalpenak "nahikoak" izatea eta inbestidurako alderdiekin harremanak berriro ere berreskuratzea.
Testuinguru horretan, iragan astean ERCk kontrako botoa eman zion Ukrainako gerraren ondorio ekonomikoei aurre egiteko Espainiako Gobernuaren planari. Itxasoren esanetan, Espainiako Gobernuak garrantzia handia ematen dio Pedro Sanchezen inbestidura ahalbidetu zuen blokeari, baina beste alderdi batzuekin hitz egiteari uko egin gabe. Dena dela, onartu du zaila izango dela PPrekin akordioak lortzea.
Soldaten balizko igoeraz galdetuta, kontsentsuaren beharra nabarmendu du. Espainiako Gobernuaren ordezkariaren iritziz, sindikatuek, enpresaburuek eta Gobernuak zer esana badute, eta, hortaz, elkarrizketa soziala tresna gisa ezinbestekoa izango da akordioa erdiesteko.
Gernikako bonbardaketaren 85. urteurrenaren harira, Espainiako Gobernuak "espresuki" gaitzetsi du lehen aldiz. Dena dela, Denis Itxasoren hitzetan, "Espainia biktima izan zen", eta, beraz, ezin da Estatua izan barkamena eskatu behar duena; izan ere, "Estatuak ez zuen parte hartzerik izan".