Politika -

radio euskadi

Aitor Esteban: "Zailagoa zen dekretu hau aurrera ateratzea, lan erreformarena baino"

EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak ostegun honetan onartutako krisiaren aurkako neurrien dekretua izan du hizpide Radio Euskadin; baita ERCk, EH Bilduk, JxCATek eta CUPek sekretu ofizialen batzordean izango duten parte hartzea ere, EAJ ere horren barnean delarik.

Aitor Esteban, Radio Euskadin. Artxiboko argazkia: EITB Media
Aitor Esteban, Radio Euskadin. Artxiboko argazkia: EITB Media
Aitor Esteban, Radio Euskadin. Artxiboko argazkia: EITB Media

itxaso leon kareaga | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aitor Esteban EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramailea Radio Euskadiko Ganbara albistegian izan da ostegun honetan. Ukrainako gerrak eragindako krisia arintzeko onartutako neurrien dekretuari buruz, adierazi du ez duela hain argi ikusten "Gobernua horregatik eroriko litzatekeenik" baina, haren aburuz, dekretu hori "zailagoa zen lan erreformarena baino". Pegasus kasua ere izan du hizpide; horren aurrean, "tematsu" mantenduko direla esan du".

Estebanek nabarmendu duenez, Moncloa "saiatzen da gehiengoak bilatzen, baina arazoa da hurrengo bihurguneari begira egoten dela, ez du ibilbide osoan pentsatzen". Hala, gogora ekarri du beste gai batzuk gertu egon daitezkeela, eta "konplizitate gehiago" egotea komeniko litzatekeela.

Hori da, esate baterako, Kataluniako mahaiaren kasua, une honetan etenaldian badago ere, edonoiz azaleratu litekeena, EAJko bozeramaileak gogorarazi duenez. Uste du ERC Gobernuko babesen dinamikatik kanpo gelditzeko prest dagoela, ezezko botoarekin aditzera eman duenez. Hala ere, azpimarratu du ezin direla inoiz hurrengo pausoak "aurreikusi", eta litekeena dela diskurtsoa aldatzea "Kataluniaren inguruan beste egoera garrantzitsurik agertzekotan".

EAJk Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari 'aparteko lanik' bidali dion galdetu diotenean, Estebanek honakoa erantzun du: "badakigu Madrilek nola funtzionatzen duen, eta gauzak askotan landu behar izaten dira". Hala, adibide gisa aipatu du aurrekontu akordioak "ez direla zertan bete, askotan errepikatu behar da". Ildo beretik, erantsi du Iñigo Urkullu lehendakariak "arrazoi osoa" duela "Espainiako Gobernuak berak bete ez duen egutegia nabarmentzean".

Era berean, Urkulluk Madrilen, Deusto Business Alumniren mendeurrenean, aldarrikatutako Estatuko lurralde eredu berriaz aritu da Esteban. Bere ustez, legealdi honetan edo hasteko dagoenean "bada astirik zenbait ideia argi uzteko", eta horietatik "akordioen bila hasi beharko genuke, etorkizunera begira". Akordio horiek lortzeko, azpimarratu du ezinbestekoak direla "aitortza nazionala, aldebikotasun eraginkorra eta epaile neutral bat".

Gainera, gogora ekarri du lehendakaria "Kontzertu Ekonomikoa plano politikora igarotzeaz" aritu dela, "jada eraginkor dena eguneroko akordio politikoetan irudikatzeko".

Pegasus kasua

Espioitza politikoaren inguruko Pegasus kasuari dagokionez, Estebanek azaldu du ez dutela "bukatutzat emango", izan ere, "asko luzatuko" den gaia da.

Nabarmendu duenez, "gaia argitu behar izateko beste zaila eta kezkagarria da; hasteko, ezkutuko agiriak argitaratuz eta, hortik aurrera, ikerketa bat irekiz eta galdekatu beharreko pertsonen agerpenak erraztuz".

Bukatzeko, adierazi du ez duela "berehalako etete edo dimisioekin gaia estaltzerik" nahi, "ezer gertatu izan ez balitz bezala".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Errusiaren inbasioak eragindako krisia Berriak Politika EAJ-PNV Gipuzkoa Espainiako Gobernua albisteak Espainia albisteak Ekonomia albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa