Politika -

Gernikako bonbardaketa

Espainiako Gobernuak errefusatu egin du erantzukizunik aitortzea: "Bonbardaketa ez zuen Estatuak egin"

Exekutiboak lehen aldiz gaitzetsi du sarraskia, baina ez du erantzukizunik onartu. EAJk aitorpen hori ere egiteko dei egin dio, eta gogorarazi du Alemaniak barkamena eskatu zuela 1997an.

Felix Bolaños ministroa, gaur Senatuan. Argazkia: EFE
Felix Bolaños ministroa, gaur Senatuan. Argazkia: EFE
Felix Bolaños ministroa, gaur Senatuan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Felix Bolaños Espainiako Gobernuko Presidentzia ministroak errefusatu egin du Exekutiboak erantzukizunik aitortzea Gernikako bonbardaketaren inguruan. Izan ere, horren esanetan, sarraskia "naziek" egin zuten, eta "kolpistek" eman zioten babesa. "Bonbardaketa ez zuen Espainiako Estatuak egin, ezta gobernu zilegi batek ere", nabarmendu du.

Gaur, bonbardaketa egin zutela 85 urte bete direnean, Espainiako Gobernuak lehen aldiz gaitzetsi du sarraskia, eta aurrenekoz parte hartu du omenaldi ekitaldietan.

Arraltsaldean, Senatuan, baina, Estefania Beltran de Heredia EAJko senatariak Estatuaren izenean "erantzukizunak" aitortzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.

"Memoria demokratikoak behar du gobernuak bere gain hartzea iraganeko gertakizunak, horren erantzukizun zuzena eta gobernu eredua edozein direla ere", adierazi du Beltran de Herediak.

Are gehiago, horren ustez, "Estatu-jarraipenaren printzipioa" kontuan hartuta, Espainiako Exekutiboak aitortu egin behar du gerora Gobernu frankista izan zenak bonbardaketan izan zuen parte-hartzea.

Horrenbestez, aitorpen hori egitea "bidezkoa" dela iritzi dio senatari jeltzaleak, eta gogora ekarri du 1997an Alemaniako Gobernuak barkamena eskatu ziola Gernikako herriari.

EAJko senatariak balioetsi du Exekutiboak egindako "urratsa", baina deitoratu du Estatuak erasoan duen "erantzukizun historikoa saihestu izana".

Testuinguru horretan, Bolaños ministroak goratu egin nahi izan du Pedro Sanchezen Gobernuak goizean onartutako gaitzespen adierazpena, eta ohartarazi du ez dagoela ados EAJren argudioekin.

"Basakeria hura ez zuen egin Espainiako Estatuak, ezta gobernu zilegi batek ere; kolpistek babestu eta ospatu zuten", gaineratu du.

Bestalde, ministroak Ukrainako gerra ere ekarri du gogora, eta Errusia "babes gabe dauden herritarren" aurkako bonbardaketak egiten ari dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gernikako bonbardaketa Politika Espainiako Gobernua Gernika-Lumo Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa Memoria Historikoa