Politika -

85. urteurrena

Espainiako Gobernuak "espresuki" gaitzetsi du Gernikako bonbardaketa, lehen aldiz

Sarraskiaren 85. urteurrenean, Espainiako exekutibo batek lehenengo aldiz onartzen duen gaitzespen ofizial batean, biktimak gogoratu ditu eta gerraren "ekintza krudelak" gaitzetsi ditu.

Gernikako bonbardaketaren 85. urteurrena.
Gernikako bonbardaketaren 85. urteurrena.
Espainiako Gobernuak Gernikako bonbardaketa gaitzetsi du lehen aldiz

1:26

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak "espresuki" gaitzetsi du Gernikako 1937ko bonbardaketa, hura gertatu zenetik "lehenengo aldiz". "Erabateko gaitzespena" adierazi du Exekutiboak hura gertatu zenetik onartzen duen mota horretako lehendabiziko adierazpenean. Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Felix Bolaños Presidentetza, Gorteekiko Harreman eta Memoria Demokratikorako ministroak biktimak gogoratu eta aitortu ditu eta gerraren "ekintza krudelak" gaitzetsi ditu.

Ministroak azaldu duenez, Gernikakoa "zibilen kontrako lehendabiziko eraso indiskriminatuetako bat" izan zen. "Gerra bat bezalako basakeriaren kontrako sinbolo unibertsala bilakatu da" Gernika, "batez ere defentsarik gabeko pertsonak bonbardatzea lazgarrikeria delako", esan du Bolañosek.

Adierazpen instituzionalean, "Francisco Francok agindutako" eta Alemaniako tropa nazien eta Italiako faxisten hegazkinek egindako beste bonbardaketak eta aipatzen ditu Gobernuak, tartean, Otxandiokoa (Bizkaia). "Gatazkaren amaierara arte, beste herri batzuek bi aldeen aire erasoak jasan zituzten, baina Gernikako sarraskia izan zen nazioarteko oihartzunik handiena lortu zuena", adierazi du Exekutiboak.

Espainiako gerra bukatuta Bigarren Mundu Gerran erabiliko ziren eraso moten "entsegu orokorra" izan zen Gernika, eta horregatik, "Gernikako hiribildua euskal, espainiar eta europar memoriaren funtsezko zatia da".

Modu honetan, Pedro Sanchezen Gobernuak "memoriarekiko konpromisoa" berretsi du, "egiaren, justiziaren, erreparazioaren eta berriz ez errepikatzeko bermeen printzipioen" arabera.

Fernando Martin Lopez Memoria Demokratikoaren Estatu idazkaria eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaria, Gernikan. Argazkia: EFE

Lehen aldiz, ekitaldietan ere

Arratsaldean Bizkaiko udalerrian egin duten oroimen ekitaldian ordezkaritza bidali du Espainiako Gobernuak, lehen aldiz.

Fernando Martin Lopez Memoria Demokratikoaren Estatu idazkaria "pozik" azaldu da ekitaldietan parte hartzearekin. "Biztanleriaren aurkako" bonbardaketa "ankerra eta mingarria" izan zela adierazi du ordezkariak. Goraipatu duenez, "Espainiako Gobernua lehen aldiz izan da" omenaldian.

Gobernuko presidenteak ere bonbardaketari buruz mezu bat idatzi du sare sozialetan.

Gernikako bonbardaketa argi gaitzetsi ostean, Bolaños ministroak Ukrainako gerra ere izan du hizpide, bertan ere, "Europar Batasunaren ateetan bonbardaketak gertatzen direlako gaur egun, Ukrainan, herritar babesgabeen kontra". Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Diputatuen Kongresuan Gernika gogorarazi zuela aipatu, eta Espainiako Gobernuak "Ukrainako herriarekin" duen konpromisoa azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gernikako bonbardaketa Politika Espainiako Gobernua bideoak Gernika-Lumo bideoak Pedro Sánchez argazkiak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Giza eskubideen urraketak frankismoan Frankismoa