Politika -

Espioitza politikoa

ERCk edo EH Bilduk sekretu ofizialen batzordean parte hartzeari bide emango dio Espainiako Gobernuak

Meritxell Batet Kongresuko presidenteak ebazpena aurkeztu du batzorde horretan parte hartzeko beharrezkoa den gehiengoa aldatzeko. Gehiengo osoarekin nahikoa izatea du helburu Batetek.

Batet, iragarpena egiteko gaur egin duen agerraldian. EFE
Batet, iragarpena egiteko gaur egin duen agerraldian.
Batet, iragarpena egiteko gaur egin duen agerraldian. EFE

Agentziak| EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Meritxell Batet Diputatuen Kongresuko presidenteak proposamena egin dio ganberako Mahaiari sekretu ofizialen batzordea osatzeko eta bertan parte hartzeko beharrezkoa den gehiengoa aldatzeko. Orain arte, ganberaren bost heren (210 boto) behar ziren oniritzia emateko, bada Batetek aurkeztutako proposamenaren arabera, gehiengo osoarekin nahikoa izango da. Hartara, Kongresuko talde parlamentario guztiek, tartean Pegasusekin zelatatu omen dituztenak (ERC, Junts, PDeCAT eta EH Bildu) parte hartu ahalko dute batzorde horretan, eta klasifikatutako gaiak kontsultatu ahalko dituzte.

Bateten arabera, aurretik ere antzeko eskariak egin dituzte, baina ez dira aurrera atera.

PPk, Voxek eta Ciudadanosek kontra bozkatuko dutela iragarri dute, EH Bilduren parte hartzearen kontra baitaude. Dena dela, koalizio gobernuaren eta alderdi abertzaleen aldeko botoekin aurrera aterako litzateke.

Sekretu ofizialen batzordeak CNI Espainiako Inteligentzia Zentroaren jarduna eta Barne, Atzerri eta Defentsa ministerioen funts erreserbatuen erabilera aztertzen ditu. Hiru urte daramatza bilerak egin gabe.

Kongresuan eskainitako agerraldi batean Batetek azaldu duenez, ebazpena "asteon" eraman nahiko luke osoko bilkurara. Argudiatu du gehiengoa moldatzea "Kongresuaren aniztasuna bermatzeko" modua dela.

Baten arabera, "orain arte batzordea osatzeko betoak zeuden, eta ezin genuen martxan jarri".

Kataluniako Gobernuak Espainiakoarekin dituen harremanak murriztu ditu

Bien bitartean, Kataluniako Gobernuak gaur erabaki duenez, ustezko espioitza politikoaren inguruko sekretua altxatzeko eskaera egingo dio Espainiako Gobernuari, eta argibide guztiak jaso arte, Sanchezen exekutiboarekin duen harremana murriztuko du.

Patricia Plaja Kataluniako Gobernuak duen bozeramaileak prentsaurrekoan azaldu du orain arte Espainiako Gobernuak emandako azalpenak ez direla nahikoak. "Bi gobernuen arteko konfiantza arrisku bizian dago", ohartarazi du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Alderdi politikoak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak ERC Kataluniako Generalitatea Dokumentu sailkatuak Pegasus auzia