Politika -
85. urteurrena
Gernikako bonbardaketaren aurrean Sanchezek emandako pausoak nabarmendu ditu Jaurlaritzak
Bingen Zupiria bozeramaileak dio 85 urte geroago Espainiako Gobernuko goi-kargudun bat lore eskaintzan izana garrantzitsua dela. Era berean, aintzat hartu du Sanchezek gertakari hari buruzko iritzia publikoki eman izana.
EITB MEDIA
85 urteren buruan, Gernikako bonbardaketaren inguruan Espainiako Gobernuak adierazpen instituzionala onartu izana, Sanchez presidenteak sare sozialetan mezu publikoa zabaldu izana eta Gernikara ordezkari bat bidali izana urrats garrantzitsuak dira, Eusko Jaurlaritzaren ustez.
Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoa Bingen Zupiria bozeramaileak duela 85 urte Gernika "suntsitu" zuen bonbardaketa gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak, Ukrainak eta "martiri" bihurtu diren Ukrainako hiriek "basakeria bera" jasan dutenean.
Gainera, 1937ko apirilaren 26an Bizkaiko herriak jasan zuenaren "antzekorik inoiz berriro gerta ez dadin, ez ahazteko" deia egin du, eta Ukrainan izandako "eraso armatua bertan behera uzteko" eskatu du. "Gernika gerraren krudelkeriaren eta giza sufrimenduaren sinbolo unibertsal gisa geratu da historiarako, defentsarik gabeko biztanleria zibilaren aurkako eraso bortitzenaren ikur", adierazi du.
"85 urte igaro dira gertakari horietatik, eta harriduraz eta larritasunez, eta historiatik ikasteko ezintasunaren erakustaldi dramatiko batean murgilduta, munduan zehar beste Gernika batzuk egon direla eta badaudela onartu beharrean gaude", gaineratu du.
Testuinguru horretan, Jaurlaritzak "ozen" eskatu du "balio etiko, demokratiko eta gizatiarretatik abiatuta, bertan behera utz dadila milioika pertsona errugaberi heriotza eta sufrimendua eragiten ari den eraso armatua", eta elkartasuna adierazi die Ukrainako herri eta erakunde legitimoei.
Eusko Jaurlaritzak Sanchezen urratsak baloratu ditu
Sanchezen Gobernua Gernikako bonbardaketaren harira ematen ari den urratsei dagokienez, Zupiriak nabarmendu du bonbardaketa gertatu eta 85 urtera Espainiako Gobernuko goi-kargudun batek lore eskaintza egin diola Gernikako hilerrian.
Era berean, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak bonbardaketaren krudelkeria gogorarazteko bideo bat argitaratu izana eta "gerra Zibileko gertakari gordinenetako bat" izan zela adierazi izana esanguratsua dela uste du, baita, Ministroen Kontseiluak astearte honetan bertan bonbardaketari buruz onartuko duen adierazpena ere.
"Garrantzi handia ematen diegu ekintza horiei", azpimarratu du Zupiriak, eta azaldu du urte horietan herritar askok jasan zuten kaltea aitortzea eta hainbestetan zalantzan jarri den egia gogoratzea dela jomuga. Biktimen lekuan jartzea eta egia aitortzea "ezinbesteko elementuak dira bizikidetza demokratikoan", berretsi du.
Bozeramaileak, baina, argitu du Eusko Jaurlaritzak ez duela oraindik Espainiako Gobernuaren erantzunik jaso Urkullu lehendakariak eta EAJk Pedro Sanchezi Gernikako herriari egindako "erreparazio ekitaldi" batean parte hartzeko egindako eskaeraren inguruan.