Politika -
Ukrainako gerra
Errusiaren aldeko pintadak egin dituzte Lezamako biltegi batean eta Bizkaiko PSE-EEren hiru egoitzatan
Konkretuki, Ukraina-Euskadi Elkarteko biltegian eta Derio, Trapagaran eta Gurutzeta auzoko (Barakaldo) egoitza sozialistetan egin dituzte pintadak.
Agentziak | EiTB Media
Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak salatu duenez, Errusiaren aldeko pintadak agertu dira Ukraina-Euskadi Elkarteko biltegian, Lezaman (Bizkaia).
Legarretak biltegiko kanpoaldearen argazki bat zabaldu du sare sozialen bidez. "Z" hizkia gorriz pintaturik ikus daiteke irudian. Ukrainako inbasioaren aldekoak ordezkatzen ditu letrak.
Beste pintaketa batean igitai eta mailu komunistak margotu dituzte.
"Ukraina-Euskadi elkarteko biltegia horrela agertu da gaur Lezaman", salatu du Legarretak mezuan. "Euren burua antifaxistatzat dutenek benetako aurpegi faxista erakutsi dute berriro", kritikatu du Jaurlaritzako ordezkariak.
Gainera, gutxienez Bizkaiko PSE-EEren hiru egoitzatan pintadak agertu ziren iragan asteburuan, sozialistek sare sozialetan salatu dutenez.
Horrela, Derio, Trapagaran eta Gurutzeta auzoko (Barakaldo) egoitza sozialisten fatxadetan igitai eta mailuen ikurrak eta 'Z'ak agertu dira.
Ez da Euskadin mota horretako pintaketak agertzen diren aurreneko aldia. Apirilaren 10ean ezezagunek Errusiaren aldeko pintadak egin zituzten ukrainarrak hartzeko bi aterpetxetan, Bilbon.