Politika -
Frantziako hauteskundeak
Agintaldi berria zehazten hasi da Macron, legegintzarako hauteskundeak jomugatzat hartuta
Gehiengo legegilea lortzeko Batzar Nazionalerako hauteskundeak ekainaren 12an eta 19an egingo dira, eta horiek zehaztuko dute Gobernuak erreformak egiteko izango duen tartea. Gaur-gaurkoz gehiengoa Macronen alderdiak, MoDem zentristak eta Agir Ensemble taldeak osatzen dute.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Emmanuel Macron igandean Frantziako presidente izendatu berritan bere politika berria diseinatzen hasi da, eta herrialdea adiskidetzea eta legegintzarako hauteskundeak irabaztea izango du helburu. Gainerako alderdiek ere jomuga bera ezarri dute.
Batzar Nazionalerako hauteskundeak ekainaren 12an eta 19an egingo dira, eta horiek zehaztuko dute Gobernuak erreformak egiteko izango duen tartea. Gaur-gaurkoz, Macronen alderdiak (577 diputatuetako 267 ditu), MoDem zentristak (57) eta Agir Ensemble taldeak (22) osatzen dute gehiengoa.
Emaitza horiek eta hiru milioi boto baliogabe edo zuriek argi utzi dute Frantzia hautsita dagoela, eta presidenteak esan du ohartu dela horretaz: "Badakit herrikide askok bozkatu nindutela, ez defendatzen ditudan ideiak babesteko, eskuin muturrekoak blokeatzeko baizik", adierazi du garaipenaren osteko lehen hitzaldian.
Itxura guztien arabera, Jean Castex lehen ministroak aste bukaerarako edo maiatzaren hasierarako dimisioa aurkeztuko du, eta teorian kargurako berriro izendatzea posible den arren, onartu du presidente bat berriz hautatu ondoren "bultzada berri bat" eman behar dela.
Bruno Le Maire Ekonomia eta Finantza ministroak ere uste du gobernatzeko moduan aldaketa bat egon behar dela, herritarrek maizago hitz egin dezaten. Hala ere, ezin izan du bermatu ez dutela Konstituzionalera joko pentsioen erreforma onartzeko. Erretiroa hartzeko adina 62 urtetik 65era atzeratuko luke horrek.
Balizko aliantzak
Julien Odoul Le Penen alderdiko bozeramaileak uste du batasun nazionala, legegileei eta aro berri honi begira, buruzagi ultraeskuindarraren eta haren alderdiaren inguruan izango dela, "oposizioko alderdi nagusia" baita.
Bestalde, Jean-Luc Mélenchon Ezkerreko Alderdiko burua, botoen % 21,95 jasota apirilaren 10eko lehen txandan hirugarren geratu zena, ekologistekin, komunistekin eta antikapitalistekin batera koalizio parlamentario bat osatzeko mugitzen hasi da jada.
Kontserbadoreek, berriz, lehen itzulian botoen % 4,78 lortu ondoren, konfiantza dute nazio-mailan ezartzeko, 2027ra arte indarrak orekatzeko.