Politika -

Espioitza politikoa

Sekretupeko dokumentuak desklasifikatuko ditu Espainiako Gobernuak, ikerketan "erabat laguntzeko"

Felix Bolaños espainiar Estatuko Presidentetzako ministroak nabarmendu duenez, Espainiako Gobernua "lanean" ari da gertatutakoa argitzeko, eta Kataluniako Gobernuaren "konfiantza berreskuratzea" da orain garrantzitsua.

Felix Bolaños ministroa. Argazkia: Efe
Felix Bolaños ministroa. Argazkia: Efe
Felix Bolaños ministroa. Argazkia: Efe

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Felix Bolaños espainiar Estatuko Presidentetzako ministroak espero du espioitzaren inguruan Espainikoako Gobernuak hartu dituen neurriekin Pere Aragonesen Gobernuaren "konfiantza berreskuratuko" duela. Halaber, zelatatuak izan direnen beldurra eta kezka ulertzen dituela azpimarratu du.

RAC1 irrati kateari egindako adierazpenetan, Laura Vilagrà Presidentetzako kontseilariarekin atzo egindako bileraren garrantzia nabarmendu du Bolañosek, 60 independentistari baino gehiagori egindako espioitza salaketaren aurrean tentsioa murrizte aldera.

Adostutako neurrien artean daude ustezko espioitzaren inguruko CNIren "barne kontrola" irekitzea edo Kongresuko Sekretu Ofizialen Batzordea eratzea. Ministroak sekretupeko dokumentazioaren desklasifikazioa ere azpimarratu du, herri-defendatzailearen jardunari nahiz justiziari ikerketan "erabat laguntzeko".

Bolañosek gogoratu du Gobernua "lanean" ari dela gertatutakoa argitzeko eta onartu du Generalitatearekin harremana "zaila" dela gaur-gaurkoz, eta konfiantza berreskuratzea dela orain garrantzitsua.

Gertatutakoaren aurrean Espainiako Gobernuak "kontzientzia lasai" duela adierazi du: "Ez dugu ezer ezkutatzeko", esan du ministroak, eta CNIk "beti legearen arabera" jokatzen duela azaldu du.

Marlaskak ukatu egin du CNI zalantzan jartzea

Iragarri den barne ikerketaren aurrean, Fernando Grande Marlaska Barne ministroak, bere aldetik, ukatu egin du CNI zalantzan jartzea. "Inola ere ez", esan du, baina "eguneroko jardunaren" autoebaluazioa egiteko beharra babestu du, hobekuntzak egite aldera.

Argi utzi du Espainian "erabateko demokrazia" dagoela eta Gobernuak, bere jardunean, beti legea aplikatzen duela. Era berean, Gobernuak gardentasun-printzipioaren barruan dagozkion azalpenak emango dituela adierazi du, hori bai, legeak ezartzen dituen aukeren baitan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Eguneko albisteak Albisteak Sekretu Ofizialen Legea