Politika -
espioitza politikoa
Pegasus programarekin zelatatu dituzten jakiteko zerbitzua eskaini die Europako Parlamentuak eurodiputatuei
Zerbitzu berri bat ipiniko dute horien eskura, espioitza softwareak euren telefono mugikorrak infektatu dituen jakiteko, ustez 60 lider independentista baino gehiago programa horren eraginpean egon direla ezagutarazi ostean.
agentziak | eitb media
Europako Parlamentuak zerbitzu berri bat eskainiko die eurodiputatuei, Pegasus espioitza softwareak euren telefono mugikorrak infektatu dituen hautemateko, bi eurodiputatu ustez programa horren biktima izan ostean.
Diputatuei bidalitako mezu elektroniko batean jakinarazi diete euren eskura ipiniko dutela zerbitzu berri hori, Pegasus espiatzeko programak euren mugikorrei eragin dien egiaztatzeko. Programa horrek gailua infekta dezake jabea ohartu gabe, eta, besteak beste, agirietarako, kamera funtzioetarako eta mikrofonorako sarbidea ematen dio erasotzaileari.
Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidenteak eta Klaus Welle idazkari nagusiak eskatuta ipini dute martxan zerbitzua. Asteartean bertan, Metsolak adierazi zuen seguru dagoela gobernu espioitzari buruzko arrazoibideak "sakon" aztertuko direla.
Gobernuek soilik eskura dezaketen espaitzeko programa horrek ustez zelatatutako 60 lider independentista baino gehiagoren artean dira ERCko bi eurodiputatu, Diana Riba eta Jordi Solé, eta Carles Puigdemont JxCat taldeko eurodiputatuaren ingurunea.
Europako Parlamentuaren arabera, gailuaren egiaztapena jabearen aurrean egingo da, Bruselako edo Estrasburgoko zerbitzu informatikoen bulegoetan zein eurodiputatuen euren bulegoetan.
Hasierako analisiaren iraupena mugikorreko datu kopuruaren araberakoa izango da, baina gutxienez 30 minutu beharko dira horretarako. Emaitzaren arabera, beharrezko izan daiteke "gehiago luzatuko den segurtasun analisi zehatzago bat".
Gainera, software honekin izaten diren espioitza eskandaluak ikertzeko batzordeak ere lanak abiatu ditu aste honetan. 2021eko udan opositoreak, kazetariak eta aktibistak zelatatzeko erabili izan zela ezagutarazi ostean sortu zuten batzordea.