Politika -
Europako Parlamentua
ETAren hilketak gizateriaren aurkako krimen gisa ikertzea gomendatu du Europako Parlamentuak
Txostenak 2021eko azaroan Euskadira eta Madrilera bidaiatu zuten eurodiputatuen proposamenak biltzen ditu. 2004. urtea baino lehenagoko delituak gizateriaren aurkako delitutzat hartzeko gomendioa jasotzen du, nahiz eta Espainiako legeriak ez duen baimentzen, ordura arte tipifikatuta ez egoteagatik.
O. P. | EITB Media
Europako Parlamentuak Espainiako Estatuari gomendatu dio aintzat har dezala ETAren krimenak gizateriaren aurkako delitu gisa ikertzeko aukera, preskribatu ez dezaten eta amnistiagarriak izan ez daitezen.
Testuak 2021eko azaroan Euskal Autonomia Erkidegoan eta Madrilen biktimen kolektiboekin, epaileekin eta segurtasun-indarrekin bildu ziren eurodiputatuen proposamenak jasotzen ditu. ETAren argitu gabeko krimenak ikertzeko Eskaeren Batzordearen misioaren txosten hori onartu du gaur Ganberak, aldeko 27 botorekin, kontrako hirurekin eta hiru abstentziorekin.
Txostenak Espainiako agintariei iradokitzen die "Zigor Zuzenbidearen interpretazio-aukerak agortzea", oraindik argitu gabe dauden ETAren 379 hilketei tratamendu berezi hori emateko. 2004. urtea baino lehenagoko delituak barne hartzea ere gomendatzen dute; urte horretan sartu zen indarrean Espainiako Zigor Kodean tipifikazio hori.
Gomendio hori azken testuan sartu dute azkenean, PSOEk puntu hori ezabatzeko ahaleginak egin dituen arren. Hain zuzen ere, zuzenketa fasean, Europako Parlamentuko talde sozialistak ohartarazi zuen egungo araudiak ez duela baimentzen gizateriaren aurkako delitutzat jotzea urte horren aurretik egindako delituak, eta hala adierazi izan duela Auzitegi Nazionalak ere. "Oso ondo ulertzen dugu biktimen aldarrikapena zentzu horretan, baina beharrezkoa da legediarekiko errespetua sustatzea eta gizateriaren aurkako delituen aplikazioa atzera begira aplikatzeko ezintasunaz jabetzea", esan zuen Cristina Maestre diputatu sozialistak.
Testuak, gainera, beste gomendio batzuk ere jasotzen ditu, hala nola espetxe-onurak eta kondenatuei eman dakiekeen tratamendua "ezagutzen dituzten atentatu guztiak konpontzen laguntzearekin" lotzea.
Gainera, ETAko presoei egindako omenaldiak eta ongietorriak salatzen ditu testuak, eta erakunde armatuko kide zigortuak kartzeletatik ateratzen direnean publikoki goraipatzea saihesteko eskatzen du, biktimei eragiten dien oinazeagatik eta berriro biktimizatzen dituelako.