Politika -
ESPIOITZA
Iñarrituk kontu hartu dio Espainiako Gobernuari, politikari independentista zelatatuen zerrendan agertu ostean
EH Bilduko diputatuak salatu du Espainiako Gobernuak Pegasus softwarearen ustezko espioitza argitu zain dagoela, eta neurri juridiko eta politiko "guztiak" hartuko dituela aurreratu du. Barne Ministerioak ukatu egin du Pegasus programaren jabe den enpresarekin harremanik duenik.
Agentziak | Eitb Media
Jon Iñarritu EH Bilduk Kongresuan duen diputatuak kontuak eskatu dizkio Espainiako Gobernuari, ustez Pegasus softwareak zelatatutako politikari independentisten zerrendan agertu dela jakin bezain pronto.
"Pegasus programarekin zelatatutako 65 pertsonen zerrendan agertzen gara Arnaldo Otegi eta biok. Disidentzia politikoaren aurkako eraso masiboa argitzeaz gain, espioitzaren erantzuleak kargutik kendu beharko lituzke berehala Gobernuak", idatzi du Iñarrituk Twitterren duen kontu pertsonalean.
Iñarritu, Arnaldo Otegi alderdiko koordinatzaile nagusiarekin batera, Pegasusek NSO Group enpresa israeldarraren bitartez 2020an ustez espiatutako 60 ordezkari independentista baino gehiagoren zerrendan dago, The New Yorker eta The Citizen Lab egunkariek argitaratutako ikerketa baten arabera.
Ezker abertzaleko diputatuak, Exekutiboari -zeinaren bazkide parlamentarioa den- dagozkion azalpenak eskatzeaz gain, aurreratu du beharrezko neurri juridiko eta politikoak hartuko dituela gertakari horien aurrean.
Herrizaingo Sailak ukatu egiten du NSOrekin harremanik duenik
Barne Ministerioak ukatu egiten du ministerio horrek, nahiz Polizia Nazionalak edo Guardia Zibilak harremanik duenik politikari independentisten ustezko espioitza kasuarekin lotutako Israelgo NSO enpresarekin.
"Beraz, ez dute inoiz bere zerbitzurik kontratatu", adierazi dute Fernando Grande-Marlaskak zuzentzen duen saileko iturriek, eta gogorarazi dute "komunikazioen esku-hartze guztiak epailearen agindupean eta legezkotasuna erabat errespetatuz" egiten direla.
Hala eta guztiz ere, Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohi eta Juntseko buruak, Oriol Junqueras ERCkoak, Carles Riera CUPeko diputatuak, eta Elisenda Paluzie eta Xavier Antich ANCko eta Omnium Culturaleko presidenteek prentsaurrekoa deitu dute astearte honetarako, gertaera horiek Europako Parlamentuan salatzeko.