Politika -
ABERRI EGUNA
Lankidetzarako eskaintza egin dio Ortuzarrek EH Bilduri, "gutxieneko errespetua erakusten badute"
"Ondotxo dakite haiek –eta Hezkuntza moduko gai garrantzitsuan ikusi dute– zentzuzko jarrerak defendatzen dituztenean, EAJ beti dagoela prest, beti gaudela adosteko prest" adierazi du EBBKo buruak Aberri Eguneko hitzaldian.
EITB MEDIA
Koronabirusaren pandemiak eragindako bi urteko geldialdiaren ostean, EAJk bere militanteak bildu ditu Bilboko Plaza Barrian, Aberri Eguna dela eta. Bere hitzaldian, Andoni Ortuzar EAJko presidenteak "elkar ulertzeko" eta "akordioak egiteko" eskaintza egin dio EH Bilduri, "herri hau aurrera ateratzeko eta jendearen eskaerei erantzuteko", baldintza batekin: "gutxieneko errespetua" erakustea eta "eraikitzera etortzea, eta ez suntsitzera".
"Gaur da Aberri Eguna. Eta 'abertzale' hitza gero eta gutxiago erabiltzen duten arren eta bere ordez 'independentista' hitza erabiltzen duten arren, hemen dute EAJren eskua, luzatuta, elkarren artean adosteko, elkar ulertzeko. Gutxieneko errespetua baino ez dute erakutsi behar; etor daitezela eraikitzera, eta ez suntsitzera; izan dezatela Euskadi gogoan eta pentsamenduan, eta ez Ajuria Enearako biderik laburrena non egon daitekeen. Ondotxo dakite haiek –eta Hezkuntza moduko gai garrantzitsuan ikusi dute– zentzuzko jarrerak defendatzen dituztenean, EAJ beti dagoela prest, beti gaudela adosteko prest. Horra hor eskaintza, lankidetzan aritzeko eskaintza zintzoa EH Bildurentzat eta gainerako indar politikoentzat. Pentsatzen duten bitartean, gu geurera: Herri hau aurrera ateratzera, gure erakundeetan lan egitera, jendearen eskari eta arazoei erantzuna emateko" azaldu du Ortuzarrek.Eskaintza hori egin aurretik, hori bai, oso kritiko hitz egin du koalizio abertzalearen kontra eta "gu paretik kentzeko edozein gauza egiteko prest" egotea leporatu die. Halaber, Urkullu lehendakariari "izugarrizko errespetu faltaz hitz egitea" egotzi die, "Putini egingo lioketena baino gogorrago".
Ukrainako gerra ere hizpide izan du Ortuzarrek: "Ukrainan gertatzen ari dena bereziki larria da, nazioarteko legeen perbertsio onartezina da. Ez dago hitz nahikorik, ezta behar bezain gogorrik ere, Putin ukrainar herriarekin egiten ari dena epaitzeko". Ortuzarrek esan du "lotsa" sentitzen duela Euskadin ere badirelako "basakeriatik ihesi Euskadira babes bila etorri diren emakume eta haurrei eman zaizkien bizitokietako hormetan Errusiaren aldeko pintadak egin dituztenak. Lotsa eragiten dit, tristetu egiten nau horrelako jendea izateak. Gure laguntza eta elkartasuna eskaintzen dizkiet. Bai eta Saharar herriari ere, Espainiako gobernuak bere jarrera horren zentzugabeki aldatu ondoren".
Gaztela Leonen PPko Gobernuak Voxekin egin duen akordioari buruz, Ortuzarrek adierazi du "eskuin muturrarekin itun bat egin eta 'konplexurik gabe' egiten dela esatea atzerapauso demokratikoa" dela. "Egunen batean, hobe erratuta egongo banintz, damutu egingo dira guri kasurik ez egiteaz. Hobe PP eta PSOE akordio batetara iritsi baziren Vox-ek politika baldintzatzeko aukerarik izan ez zezan. Baina berekoikeria partidistengatik, fatxak Gobernuan sartu dira eta bide honetatik jarraituta, ez da bakarra izango" gaineratu du. Eurek ez dutela horiekin akordiorik inoiz egindo berretsi du eta ildo horretan, datozen igandeko Frantziako hauteskundeei erreferentzia eginez, "Iparralden abertzaleen boto bakar bat ere ez Le Pen-entzat!" amaitu du EBBren presidenteak.
"Gure eredua lana, efortzua, kudeaketa zintzoa eta arduratsua da" defendatu du Urkullu lehendakariak
Iñigo Urkullu lehendakarik, berriz, neoliberalismoaren "zerga eta Estatu gutxiagorako" deiak salatu ditu, baita beste muturrean, "internazionalismo sozialista" aldarrikatzen dutenena ere, Administrazio Publikoa "guztiaz arduratzea, gastu publikoa denerako erabiltzea... baliabideak mugagabeak bailiran".
"Alde batetik, batzuek neoliberalismoaren errezeta magiko berriekin datoz Euskadira: 'Zerga gutxiago eta Estatu gutxiago', hau da, 'Ondo bizi denari laguntzea, hobeto bizi dadin'. Zerga gutxiago zerbitzu publiko gutxiago, osasun gutxiago, hezkuntza gutxiago eta babes sozial gutxiago. Ez da gure eredua", ziurtatu du Urkulluk. "Besteak, berriz, internazionalismo sozialistaren aldarrikapenekin datoz. Herri Administrazioak dena hartzean oinarritutako eredua. Gastu publikoa edozertarako, baliabideak infinituak balira bezala. Ez, guztion ekarpenetik dator dirua, zerga bidez".
"Gure eredua lana da, esfortzua, kudeaketa zintzoa eta arduratsua, oinak lurrean dituela. Gure konpromiso sozial eta humanista da Euskadi sozialki ahalik eta kohesionatuena izatea. Gure lehentasuna elkarrekin aurrera egitea da, urrunago iristeko" adierazi du.
Bestalde, "Estatu-Nazioen mugak" gainditzea ahalbidetzen duen instrumentua dela Europar Batasuna adierazi du lehendakarik eta "gobernantza partekatuaren alde" egin du berriz ere.
Azkenik, 1937ko apirilaren 26an Gernikako bonbardaketak eragindako erasoan, kaltean eta sufrimenduan matxinatutako ejertzitoak eta ondorengo gobernu frankistak izan zuten erantzukizuna aitortzeko beharra berretsi du Urkulluk. Proposamen hori 2017an formalizatu zuen Euskal Taldeak Senatuan, baina Alderdi Popularraren oposizioagatik ez zuen aurrera egin. " Gernika. Aintzatespena. Bizikidetza. Bakea", esan du lehendakariak.