Politika -

FRANTZIAKO HAUTESKUNDEAK

Melenchonen jarraitzaileen % 37k zuri bozkatuko luke eta % 33k Macronen alde, bigarren itzulian

Barne bozketa egin dute Frantzia Intsumisoa alderdiko militanteek azken egunotan eta emaitzen arabera, boto zuria, Macronen aldekoa eta abstentzioa oso berdinduta daude.

Manifestazioa Parisen, ultraeskuinaren aurka. Argazkia: EFE
Manifestazioa Parisen, ultraeskuinaren aurka. Argazkia: EFE
Manifestazioa Parisen, ultraeskuinaren aurka. Argazkia: EFE

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Macron edo Le Pen, apirilaren 24ko hauteskundeetako hitzordutik aterako da Frantziako presidente berria. Ultraeskuinaren kontrako dozenaka manifestazio izan ziren atzo Estatu osoan baina Le Penen kontrako mezuekin batera, Macronekin ere kritiko da jende aunitz, eta egunotan ari da argitzen zer egingo duten edo ze boto-eskari emango dute ezkerreko alderdiek.

Atzo, EH Baik jakitera eman zuen ez diela militanteei zuzenean Macronen alde botoa emateko eskatuko. Hori bai, "ultraeskuinari boto bakar bat ere ez" emateko deia egin zuen Nicolas Blainek Euskadi Irratian.

Gaur, Jean-Luc Melenchon Frantzia Intsumisoa ezkerreko alderdiaren militanteen asmoak ezagutu dira. Asteazkenetik atzora arte botoa emateko eskubidea izan dute jarraitzeileek eta emaitzen arabera, boto zuria, Macronen aldekoa eta abstentzioa oso berdinduta daude.

215.292 lagunek eman dute botoa egunotan: % 37,65ek zuri bozkatzearen alde egin du, % 33,40k Macronen alde bozkatzearen alde, eta % 28,96ak abstentzioaren alde egin du.

Melenchonen alderdia hirugarrena izan zen apirilaren 10eko lehen itzulian Frantzian, botoen % 20 eskuratuta. Iparraldean, berriz, bigarren indarra izan zen % 24rekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Iparraldea berriak Frantzia argazkiak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Frantziako hauteskundeak