Politika -

Apirilak 17

Aberri Egunaren ospakizuna, Euskal Herria banatzen duten hiru administrazioetan

EAJk erabakitzeko eskubidea aldarrikatuko du Bilbon egingo duen ekitaldian. EH Bildu Iruñean elkartuko da "bakearen, demokraziaren eta subiranotasunaren" alde egiteko, eta EH Baik Azkainen bilduko ditu jarraitzaileak.

Aberri Egunaren ospakizuna. Argazkia: Efe
Aberri Egunaren ospakizuna. Argazkia: Efe
Aberri Egunak 90 urte beteko ditu igandean

1:10

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi abertzaleek aldarrikapen nazional historikoak berretsiko dituzte 2022ko Aberri Egunean, bi urtez, pandemia dela eta, ospakizun handirik egin gabe egon ostean.

EAJk Bilboko Plaza Barrian ospatuko du Aberri Eguna. 11:30ean izango da ekitaldi nagusia eta Iñigo Urkullu lehendakariak zein Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak bertan parte hartzeko deia egin dute.

EH Bilduk Iruñea aukeratu du berriz ere Aberri Eguna ospatzeko eta kutsu kataluniar nabarmena izango du ospakizunak bertan izango baitira ERC, CUP, Junts per Cat eta Valentziako eta Balearretako beste alderdi independentistetako ordezkariak. "Bakearen, demokraziaren eta subiranotasunaren aldeko aldarria" egingo du koalizio abertzaleak.

EH Baik, berriz, Azkainen ospatuko du Aberri Eguna.

"Euskadi etorkizuna modu librean erabakitzeko askatasuna duen nazioa" dela aldarrikatu du EAJk

EAJk ekitaldia egin zuen atzo Bizkargi mendiaren gailurrean, eta bertan, Andoni Ortuzar alderdiaren presidenteak esan zuen igandean "Euskadi etorkizuna modu librean erabakitzeko askatasuna duen nazioa" dela aldarrikatuko dutela, eta horren harira, "munduko nazio eta herri guztien askatasuna" eskatu zuen, "inork ez dezan indarrez herri bat edo nazio bat azpiratu".

"Hiru mezu zuzen" helarazi nahi izan zituen, lehenengoa abertzaleei, eta horiei eskatu zien Aberri Egunarekin bat egiteko eta aldarrikatzeko erabakitzeko eskubidea.

Bestalde, nazioarteko egoera "zaila"ren aurrean, "herri eta nazio guztien askatasuna" eskatu zuen, "inork ez dezan indarrez herri bat edo nazio bat azpiratu".

Azkenik, "zailtasun ekonomikoei" egin zien erreferentzia, eta "herri honen etorkizunarekiko esperantza eta fedea" edukitzeko eskatu zuen. "Aurrera egingo dugu, beti egin dugu, eta EAJ horretan tematuta dago eta Euskadiren etorkizuna aurrerakoia, ongizatezkoa eta justizia soziala duena izateko lan egingo du. Hori izango da gure egitekoa", azpimarratu zuen.

"Bakea, demokrazia eta subiranotasuna" eskatuko du EH Bilduk Euskal Herriarentzat

EH Bilduk, berriz, Nafarroako hiriburua, Iruñea, aukeratu du Aberri Eguna ospatzeko, eta bertan "bakea, demokrazia eta subiranotasuna" eskatuko ditu Euskal Herriarentzat.

Koalizio abertzalearen ustez, "Euskal Herria deuseztatzeko egin dituzten ahaleginak gora-behera, Euskal Herriak oso bizirik jarraitzen du", eta "bakea, demokrazia eta subiranotasuna" aldarrikatuko dituzte pandemiak agerian utzi duelako "eguneroko arazoak kudeatzeko dagoen subiranotasun falta". Gainera, Ukrainako gerraren aurrean, "sekula baino garrantzitsuagoa" omen da bakean eta demokrazian sakontzea, eta horixe goraipatuko dute igande honetan.

Mezu horiexek zabalduko ditu EH Bilduk Sarasate Pasealekuan egingo duen ekitaldi politikoan, eguerdian Iruñeko kaleak zeharkatuko dituen manifestazioaren ostean. ERC, BNG, CUP, Junts per Cat, Esquerra Valenciana, Mes Mallorca, Mes Menorca, Andecha Astur eta Puyalon de Cuchas alderdiek jada iragarri dute bertan izango direla.

Gainera, arratsaldean joko eta kultur ekitaldiak antolatu dituzte Alde Zaharrean, tartean jotariak eta dantzariak egongo dira.

"Euskal ikurrak erakusteko deia" egin du Euskal Herria Baterak

Era berean, Euskal Herria Batera ekimenak agerraldia egin zuen larunbat honetan Urruñan eta Aberri Egunean, 24 orduz, euskal ikurrak erakusteko deia egin zuen.

Lapurdiko udalerriko Herriko Etxean egin zuten agerraldian izan ziren, besteak beste, EAJ, EH Bildu, EH Bai, ELA, LAB, diaspora eta euskalgintzako ordezkariak, eta "kulturaren eta hizkuntzaren bitartez" herria indartzeko urratsa egiteko prest agertu ziren.

EH Baik iragarri zuen Aberri Eguneko ekitaldia Azkainen egingo duela.

Podemosek ez du Aberri Egunarekin bat egingo

Podemos Ahal Duguk aurten ez du Aberri Egunarekin bat egingo, baina adierazpen bat zabalduko du "aberria defendatzea" krisiaren aurrean herritarrak eta industria sarea "babestea" dela aldarrikatzeko.

Era berean, eta "ongizate estatua bermatzeko", "gehien irabazten dutenek ekarpen handiagoa" egiteko erreforma fiskala eskatuko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Bilbo Iruñea Bizkaia Nafarroa Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Aberri Eguna Alderdi politikoak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Lapurdi