Politika -
Aberri Eguna
Herriek bakean erabakitzeko duten eskubidea aldarrikatuko du EAJk Aberri Egunean
Mireia Zarate EBBko idazkaria eta Joseba Aurrekoetxea EBBko Antolakuntza burkideak Picassoren ‘Guernica’ muralaren ondoan hitz egin dute, “Gernika bakearen eta askatasunaren sinbolo” delako. EBBk Aberri Egunerako prestatu duen adierazpena aurkeztu dute.
Agentziak| EITB Media
Herri guztiek "beren etorkizuna askatasunez defendatzeko" duten eskubidea aldarrikatuko du EAJk 2022 Aberri Egunaren ospakizunean, "bere patuaren jabe izateko" Euskadik duen eskubidea, bereziki, "Europako eta munduko gainerako herriekin berdintasunean". Hala jasotzen du Euzkadi Buru Batzarrak aurtengo Aberri Egunerako onartutako adierazpenak.
Igandean Bilboko Plaza Barrian ospatuko dena ohiko formatura itzuliko da, ekitaldi publiko jendetsuaren; izan ere, Covid-19aren pandemiaren ondorioz aurreko bi urteetan ezinezkoa suertatu da, edukiera muga eta konfinamenduak medio.
EAJk Gernika-Lumo aukeratu du alderdiak aurkezpenerako; Mireia Zarate EBBko idazkaria eta Joseba Aurrekoetxea EBBko Antolakuntza burkideak Picassoren 'Guernica' muralaren ondoan hitz egin dute, Francoren aliatu naziek hegazkinez bonbardatutako herria "bakearen eta askatasunaren sinbolo" delako.
"Bizitzea egokitu zaigun garaiak borondateak batzea eskatzen digu", adierazi du EAJren zuzendaritzak, eta euskal herritarren batasuna eskatu du "gure bidean gertatzen den edozein ezbeharretan elkarrekin egiteko aurrera".
Errusiak Ukrainaren aurka egindako eraso militarrak eta horrek dakartzan ondorio ekonomikoek -Covid-19ak eragindako ondorioei batuta- sortutako "ziurgabetasun" egoera ere aipatzen du EBBren dokumentuak.
"Mundua aldatzen ari da, eta baita Euskadi ere. Zalantzarik gabe, mundu mailako harreman sozial eta politikoen ziklo-aldaketa baten aurrean gaude. Are gehiago, Errusiak Europar Batasunaren ekialdeko mugetan eragindako gerraren ondoriozko ziurgabetasunari egin behar diogu aurre", onartu du alderdi nazionalistak.
"Munduko bakea erreklamatzen dugu, bai eta justizia eta Giza Eskubideen defentsa ere. Errusiak Ukraina inbaditzean eragin duen gerra amaitzea exijitzen dugu eta biztanleria zibil babesgabearen kontra egin diren krimen basatiak berehala bertan behera uztea", dio adierazpenak.
Era berean, EAJk "mendebaldeko demokrazien batasuna" eskatu du, "Europar Batasuna aldarrikatzen dugu proiektu komun baten erreferentzia bakar gisa, non Euskadik bakezko eta askatasuneko etorkizuna partekatu ahal izatea espero duen".
Amaitzeko, urteroko deia egin die Euskadiko herritarrei, atera dezatela kalera "bake eta askatasunerako dugun eskubidea aldarrikatzeko, gu guztiok identifikatzen gaituen ikurrina".
Bere ustez, keinu horrek "Herri berria eraikitzeko borondatea" erakusten du, "guztiok gure iritziak emateko eta gure erabakiak hartzeko gaitasuna izango dugun" herri beri bat, giza eskubideei zor zaien errespetuaren babesean.
Azkenik, "herri honek bere etorkizuna demokratikoki erabakitzeko duen eskubidea defendatzeko" deituko diren ekitaldi guztietan parte hartzeko gonbidapena egin die euskal herritarrei, "bakoitzari dagokion begirunetik abiatuta, Euskal Aberrikoak garela adierazteko, eta bakoitzak atxikimendu askerako duen eskubidea errespetatuz".