Politika -

Memoria historikoa

Naziek tiroz hildako Angel Lekuona gudaria omendu dute Pragan

Gudari bizkaitarra tropa frankisten aurka aritu zen borrokan 1936ko gerran, eta erbestera jo zuen gero. Naziek Frantzian atxilotu zuten, eta 1945eko apirilaren 10ean erail zuten, Pragako kontzentrazio-eremu batean.

Angel Lekuonaren senideak eta Aintzane Ezenarro Pragako hilerrian. Argazkia: Irekia
Angel Lekuonaren senideak eta Aintzane Ezenarro Pragako hilerrian. Argazkia: Irekia
Angel Lekuonaren senideak eta Aintzane Ezenarro Pragako hilerrian. Argazkia: Irekia

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pragako (Txekia) erakundeek Angel Lekuona (1913-03-01) gudaria omendu dute udalerri horretako hilerrian egindako ekitaldi batean. Tropa frankisten aurka aritu zen 1936ko gerran, baina Frantziara ihes egin behar zuen ondoren, eta herrialde horretan atxilotu zuten naziek. Hainbat kontzentrazio-esparrutan izan zuten preso, eta, azkenean, Pragakoan hil zuten, tiroz.  

Lekuonarekin batera, beste borrokalari antifrankista batzuk ere erail zituzten: Enric Moner, Pedro Raga, Antonio Medina, Rafael Moya eta Antonio Clemente. Horiek ere izan dituzte gogoan gaur egindako ekitaldian.

Ekitaldian, besteak beste, Angel Lekuonaren senideak izan dira, eta, Eusko Jaurlaritzaren izenean, Aintzane Ezenarro Memoria, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Gogora Institutuko zuzendariak hartu du parte.

Anton Gandariasek (Lekuonaren iloba) hartu du hitza, eta Pragako hilerriko arduradunei eta ikertzaileei bere esker ona adierazi die, gertakari haiek argitara ateratzeko egindako lanagatik eta dokumentu guztiak familiaren esku uzteagatik.

1945ean, Pragako Strasnice hilerriko administratzaileari (Frantisek Suchm) Hradischko kontzentrazio-eremuan fusilatutako ehunka presoren gorpuak errausteko agindua eman zioten naziek. Alabaina, ez zuen agindua bete. Aitzitik, hildakoen izenak paper batean idatzi, eta hilotz guztien errautsak ezkutatu egin zituen, kutxatan sartu ostean.  

Besteak beste, horregatik jakin ahal izan dute nortzuk izan ziren toki horretan erail zituztenak, eta horri esker berreskuratu dituzte haien errautsak.

Angel Lekuonaren errautsek Pragako hilerrian eraiki zuten oroimen-zentroan egongo dira aurrerantzean ere, baina gaur bera jaio zen baserritik, Busturitik, lurra hartu eta Pragako memorialeraino eraman dute haren senideek.

Datorren maiatzean, Busturiko Udalak eta Gogora Institutuak Angel Lekuonaren omenezko plaka bat jarriko dute udalerrian.

Ezagutu Angel Lekuona naziek 1945ean Pragan hil zuten busturiarraren istorioa
Ezagutu Angel Lekuona naziek 1945ean Pragan hil zuten busturiarraren istorioa
Ezagutu Angel Lekuona naziek 1945ean Pragan hil zuten busturiarraren istorioa

2:20

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioartea Nafarroa Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa Memoria Historikoa Gogora Institutuaren proiektuak