Politika -

ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN

François (EM): "Macronek ez dauka garaipena ziurtatuta, eta hondamena litzateke Le Pen presidentea izatea"

Maria François Emmanuel Macronen alderdiaren euskal ordezkariak esan du jendeak "badakiela" Marine Le Penek irabaziz gero "Frantzia NATOtik eta EBtik atera eta Putinengandik hurbilago egongo litzatekeela".

Maria François. Argazkia: La Republique en Marche
Maria François.
Maria François. Argazkia: La Republique en Marche

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria François Errepublika Martxan (EM) alderdiko ordezkariak esan du Emmanuel Macronek ez duela garaipena ziurtatuta eta ez dela erraza izango. Frantziako presidentearen alderdiak Pirinio Atlantikoetan duen euskal ordezkaria elkarrizketatu dute Radio Euskadin, Frantziako presidentetzarako hauteskundeen lehenengo itzuliaren biharamunean. "Muturrekoak irabazten ari dira Europa osoan. Irabazteko beharrezkoa dena egingo dugu, baina ez da erraza izango", ohartarazi du.

Françoisen ustez, Bilgune Nazionala alderdiko Marine Le Pen ultraeskuindarrak irudi "apur bat errazagoa eta ez hain muturrekoa" eman du hauteskunde hauetan, aurrean Eric Zemmour zuelako, "entzun eta irakur daitekeen txarrena". Baina Errepublika Martxan alderdiko euskal ordezkariak ohartarazi du Le Penek "eskuin muturrekoa" izaten jarraitzen duela, eta bere proposamenak "immigrazioa borrokatzea" direla. "Jendeak badaki Le Penek irabaziz gero Frantzia NATOtik eta EBtik irtengo litzatekeela eta Putinengandik hurbilago egongo litzatekeela", esan du.

Ordezkari sozioliberalak aitortu duenez, sozialista batzuek Jean-Luc Melenchon "intsumisoa" babestu dute, baina gehienek Macron babestu zuten aurreko hauteskundeetan. "Errepublikanoak eta Alderdi Sozialistako jendea guregana bildu ahal izateko lanean jarraitzen dugu", esan du Françoisek, "ez eskuinekoa ez ezkerrekoa" ez den proiektu batean.

Macronen eta Le Penen arteko hurrengo eztabaidan "bi ikuspegi erabat desberdin" ikusiko direla uste du Françoisek, eta ordezkari ultraeskuindarrak "bere benetako helburua zein den" erakutsiko duela.

Ipar Euskal Herriko emaitzek ez dute François harritu. Macronek irabazi du, eta Melenchon Le Penen aurretik geratu da; izan ere, "hemen badakigu jendea eskuzabala eta demokratikoa dela, eta oso zaila izango zen Le Pen bigarrena izatea". Orain Melenchonen boto-emaileei "hitz egitea eta entzutea" tokatzen da: "Eguneroko laguntza behar duen jendea, lehengaiak eta gasolina igotzen ikusi dituena... Guk asko lagundu diegu soldata oso baxuei, eta horrekin jarraituko dugu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioartea Iparraldea berriak Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Frantzia Emmanuel Macron Hauteskundeak