Politika -
13/13 auzia
13/13ko epaiak "bakea oztopatzen" duela salatu dute bi manifestaziok, Bilbon eta Donostian
Milaka pertsonak manifestazioa egin dute Auzitegi Nazionalak 13/13 auzian igorritako epaiaren aurka. Arantza Zulueta abokatuari 7 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta 3 eta 4 arteko espetxe zigorrak, beste hiru letraduri.
agentziak | eitb media
Milaka pertsona atera dira Bilbon eta Donostian, Auzitegi Nazionalak 13/13 auzian igorritako epaiaren aurka. Salatu dutenez, epai horrek "oztopoa" suposatzen du "Euskal Herriko konponbide demokratikorako", baita "bakerako eta elkarbizitzarako" ere.
Auzitegi Nazionalak 7 urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zion martxoaren 31n Arantza Zulueta abokatuari, eta 3 eta 4 urte arteko espetxe zigorrak beste hiru letraduri, "ETAko presoak kontrolatzeko helburu nagusiarekin, Halboka fronte juridikoa eraikitzea" egotzita.
Hori dela eta, auzipetuen babeserako 13/13 Plataforma Bilboko eta Donostiako kaleetan zehar atera da. Milaka pertsonak salatu dute zigorrek "konponbide demokratikoa oztopatzen" dutela.
Era berean, deitzaileek nabarmendu dute Auzitegi Nazionalaren erabakiak "bidegabekeria" suposatzen duela, "irregulartasunez eta eskubideen urraketaz beteriko" prozesu baten ostean. Prozesu hori, diotenez, "denboraz kanpo dago eta elkarbizitza demokratikoa eraikitzearen aurkako norabidean doa".
Bilboko manifestazioa 17:30ak pasata abiatu da Jesusen Bihotza plazatik, "13/13 Zigorrik Ez" lelopeko pankarta baten atzean. Arantza Zulueta abokatua izan da bertan, plataformako ordezkariekin batera. Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidea ere bertaratu da.
Hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, Ana Perez martxa antolatu duen plataformako bozeramaileak Auzitegi Nazionalaren epaia kritikatu du. Haren aburuz, "jada epaitutako kasuak kondenatzen ditu", eta ez ditu auzipetuak bakarrik zigortzen, "gizarte osoa" baizik.
"Urteak dira euskal gizarteak elkarbizitzaren, bakearen eta gatazkak ebaztearen bidea hartu duela, baina Auzitegi Nazionalak eta beste hainbat erakundek oztopoak jartzen dituzte", gaitzetsi du.
Gainera, elkartasuna helarazi die auzipetuei eta gogora ekarri du hasieran epaitutako zortzi pertsonen artean, lau "kartzela zigorrekin kondenatu dituztela". Hala ere, azpimarratu du epaiaren aurka "helegitea jarriko" dutela eta, hortaz, "prozesu luzea" gelditzen dela aurretik.
Bukatzeko, ohartarazi du "oztopo ugari" ipini arren ez dela geldituko "bakean eta elkarbizitzan oinarritutako Euskal Herri bat eraikitzeko ahalegina".