Politika -
fiskalitatea
Krisi garaian izan beharreko eredu fiskalaz desadostasunak azaldu dituzte berriz Diaz Ayusok eta lehendakariak
Madrilgo presidenteak Gasteizen egindako ekitaldi batean esan duenez, EAJ "zergak igotzearen zalea" bihurtu da eta gobernu autonomikoak "taifen erreinu" bilakatu dira. Bestalde, Urkulluk "zuhurtzia" eta "ekitate fiskala" aldarrikatu ditu "kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko".
EITB MEDIA
Fiskalitatearen gaiak aurrez aurre jarri ditu berriro Isabel Diaz Ayuso Madrilgo erkidegoko presidentea eta Iñigo Urkullu lehendakariak. Ekitaldi ezberdinetan mintzatu badira ere, eta lehendakariak PPren buruzagia aipatu ez badu ere, krisi garaian jarraitu beharreko eredu fiskalaz duten iritzi kontrajarriak agerian geratu dira.
Lehendakaria Ukrainako gerraren ondorio ekonomikoak aztertzeko Eusko Legebiltzarrean izaten ari den osoko bilkura monografikoan mintzatu da. PPk zergak jaisteko egindako eskaeren aurrean, "zuhurtzia" eskatu du Urkulluk. Horren ustez, "ez dago oreka sozialik eta kalitatezko zerbitzu publikorik fiskalitate ekitatiborik gabe.
Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidentea ere Gasteizen aritu da, baina Euskadiko PPk antolatutako ekitaldi batean. Agerraldian esan du EAEk "zerga jaitsiera masiboak" eta "fiskalitate arloan lasaitzea" egin behar dituela "oparoago" izateko.
Gogor mintzatu da Diaz Ayuso: "EAJ zergak igotzearen zalea bilakatu da, hori baita administrazioak diru-kutxa publikoa gizentzeko duen modua, baina ez da epe luzera eragiten dituen emaitzekin kontsekuentea".
Madrilgo presidentearen esanetan, "zergak ordaindu behar dira, argi dago, zerbitzu publiko on batzuk kudeatzeko beharrezkoak dira, baina horrek guztiak muga bat izan behar du". Izan ere, eta betiere bere ustez, "gobernu autonomikoak taifen erreinu bihurtzen dira, indarra eta boterea bereganatzen dute eta euren eskuduntzez harago kudeatzen dute. Zaletasun hori ezkerreko zein eskuineko gobernuek izaten dute".
Hala, bestelako eredua aldarrikatu du, eta gobernuak "zorrotzak" izan eta "politika liberalak ezarri" behar dituztela nabarmendu du. "Bestela, kutxa uneoro betetzen ibili ari dira, baina ez da zerbitzu publikoen onurarako. Zenbaitetan, ongizate estatuaz jarduten direnean, estatuaren ongizateaz ari dira; hori da hemen gertatzen dena. Inoren zergak biltzeari gustua hartzen diogu eta ez gara jabetzen zer nolako mina eragiten duen", azaldu du.
"'Dumping' fiskala"
Azkenik, azpimarratu du "gezurra" dela Madrilgo Gobernua "dumping fiskala" egiten ari denik, eta hori dioten agintariak "hipokritak" direla erantsi du.
"Egungo finantzazio erregimenak araututakoaren arabera ari da Madril", adierazi du, eta gogorarazi Madrilek ez duela sozietateen gaineko zerga —enpresek dituzten etekinak zergapetzen dituena— arautzeko eskumenik. Are gehiago, horretarako aukerarik balu, Madrilgo erkidegoa "askoz lehiakorragoa" izango litzatekeela ohartarazi du.
Diaz Ayusok gogorarazi duenez, EAEko zerga % 24koa da, eta Madrilgoa, %25ekoa.
Iazko azaroan, Iñigo Urkullu lehendakariak kezka agertu zuen Madrilgo Erkidegoko zergen jaitsierak eragin zezakeen "dumping fiskala"ren aurrean, "zenbait erkidego zerga-paradisu bilakatu" liratekeelako.
Hain justu, ETB1eko "Egun On Euskadi" saioari eskainitako elkarrizketa batean, Urkulluk esandakoa argitu nahi izan du gaur Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak (Ayusoren adierazpenen aurretik hitz egin du): "Lehendakaria ez zen hitz egiten ari Euskadik eta Madrilgo erkidegoak izan dezaketen lehia fiskalaz, ez. Madril egiten ari denak ez dio horrenbeste eragiten gure erkidegoari, eraso egiten dio eta arriskua ezartzen dio Espainian foru sistema bat ez duten beste lurralde guztiei". Eledunaren aburuz, "Espainiak arazo estruktural larriak ditu: Madril gero eta handiagoa da eta Espainiaren lurralde asko hutsik geratzen ari dira".
Hori horrela, EAEko eredua defendatu du Zupiriak: "Gai izan behar dugu enpresa munduari kontesturik egokiena eskaintzeko lana eta aberastasuna sortu ditzaten. Aberastasun hori behar-beharrezkoa dugu, zergen bitartez, zerbitzu sozial hoberenak emateko".