Politika -

BILKURA MONOGRAFIKOA

EAEko energiaren multinazionalekin prezioen ituna lortzea eskatu dio Elkarrekin Podemos-IUk Jaurlaritzari

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUren bozeramaileak hiru itun proposatu ditu epe motzean: errentarena, prezioena eta soziala. Epe luzera, ostera, elikadura, energia eta zerga eredua goitik behera aldatzea galdegin du.

Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailea Eusko Legebiltzarrean. EITBko bideo batetik ateratako irudia
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailea Eusko Legebiltzarrean
Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailea Eusko Legebiltzarrean. EITBko bideo batetik ateratako irudia

Onintza Aiestaran | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrean saio monografikoa egiten ari dira ostiral honetan, Ukrainako gerrak eragin duen egoera aztertzeko eta neurriak proposatzeko. Testuinguru horretan, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza soziala duten energiaren multinazionalekin prezioen inguruko ituna adosteko. Halaber, "txoke neurriak" onartzea eta "ezkutu soziala" sortzea galdegin dio, "gure enpresak eta familiak prezioen gorakadatik babesteko".

Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak ahalegin bat eskatu die euskal energia enpresa horiei prezioak mugatzeko. Gorrotxategiren iritziz, Euskadin benetan errotuta badaude, "pauso bat eman eta lagundu egin beharko lukete".

Koalizio moreak "krisiaren benetako arrazoiei aurre egingo dien" herri akordioa lortzeko borondatea erakutsi du. "Ukrainako gerraren aurretik ere krisian geunden Euskadin", azpimarratu du erregaien eta prezioen igoerari aipamena egin aurretik.

Ildo horretan, epe motzeko eta luzerako neurriak jarri ditu mahai gainean. Epe motzean, hiru itun proposatu ditu ekonomia aktibatzeko eta familiak babesteko: errentarena, prezioena eta soziala. Epe luzera, ostera, elikadura, energia eta zerga eredua goitik behera aldatzea galdegin du.

Gainera, egungo eredu energetikoarekin hautsi behar dela uste du, eta, esate baterako, energia berriztagarrien enpresa publiko bat sortzeko beharraz hitz egin du.

Gorrotxategiren ustez, "ez da nahikoa arazoak arintzeko txoke neurriak hartzea", eta beharrezkoa da etorkizun urrunera begiratzea eta aurretik dauden krisiei erantzutea. 

Fiskalitateari lotuta, zerga erreforma aipatu du, "gehien irabazten dutenek gehiago ordaindu dezaten". "Beharrezkoa da erreforma bat egitea, aberats handiek eta krisiari etekin gehien atera dioten enpresek ekarpen handiagoa egin dezaten", gehitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa munduan gaur Berriak Politika Eusko Legebiltzarra argazkiak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Podemos Ahal Dugu Euskadi Miren Gorrotxategi albisteak Zergak gaur Krisi energetikoa