Politika -
ESPAINIA - MAROKO
Pedro Sanchez Mohamed VI.a Marokoko erregearekin elkartuko da gaur, aro berri baten hasiera irudikatuz
Ostegun honetan, legez besteko proposamena bozkatuko dute Diputatuen Kongresuan, Pedro Sanchezi eskatuz Nazio Batuen Erakundearen ebazpena errespetatzeko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Mohamed VI.a Marokoko erregearekin bilera egingo du gaur Rabat hiriburuan, bi herrialdeen arteko aro berri baten hasiera irudikatuz.
Sanchezek Marokok Sahararen autonomiarako proposatutako plana babestu ostean egingo dute batzarra. Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroarekin batera joango da gaurko hitzordura.
Gaurko bilerak duela urtebete bi herrialdeen artean hasitako krisia ixteko balioko du. Brahim Ghali Fronte Polisarioko buruzagia Logroñoko ospitale batean egon zen covid-19a tarteko. Erabaki horrek Marokoren haserrera eragin zuen, eta ondorengo egunetan milaka pertsona sartu ziren Ceutan Marokotik, bertako segurtasun indarren onespenarekin.
Duela gutxi, ostera, Saharako auzia konpontzeko Marokoren autonomia proposamena babestu izanak bi herrialdeen arteko tirabirak murriztu ditu. Izan ere, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Mohamed VI.a erregeari gutun batean helarazi zion Marokok 2007an Mendebaldeko Sahararentzat egindako proposamena dela "sendoena, sinesgarriena eta errealistena".
Sahararekiko jarrera aldaketa ukatu du Espainiako gobernuburuak behin eta berriro, baina Unidas Podemos gobernukideak eta Kongresuan ordezkaritza duten oposizioko gainerako alderdiek kritika zorrotzak egin dizkiote.
Sahararekiko jarrera zuzentzeko eskatuko dio Kongresuak Sanchezi
Saharako herriari traizio egitea leporatu diote bart talde gehienek Sanchezi, eta, ezusterik ezean, gaur goizean Kongresuak argi berdea emango dio Espainiako Gobernuari Nazio Batuen Erakundearen ebazpena errespetatzeko eskatzen dion legez besteko proposamenari.