Politika -
40. URTEURRENA
Eskubideak eta askatasunak babesteko deia egin du Eudelek, Ukrainako gerra bezalako mehatxuen aurrean
40. urteurrena ospatzeko ekitaldian, Gorka Urtaran elkarteko presidenteak azaldu du ziur dagoela euskal herritarrak, "herri solidario" gisa, krisi humanitario honetan elkarrekin lan egiteko prest daudela.
EITB MEDIA
Gorka Urtaran Eudel Euskadiko Udalen Elkarteko presidenteak ohartarazi duenez, Ukrainako krisiek eta egungo gerrak agerian uzten dute "giza konkistak ez direla betiko, ez daudela ziurtatuta" eta "oinarrizko eskubideak eta askatasunak arriskuan jartzen dituzten mehatxuak" hor daudela.
Eudelen 40. urteurrena ospatzeko ekitaldian, Urtaranek Ukrainako gerra izan du hizpide, "Europara ankerkeria ekarri duen gerra". Horren aurrean, euskal herritarrak, "herri solidario" gisa, "giza krisi honetan elkarrekin lan egiteko prest" daudela esan du.
Era berean, eta nazioarteko egoera "kezkagarri eta konplexu" batek eragindako "ziurgabetasunaren" aurrean, "herritarrek erakundeekiko konfiantza gal ez dezaten" lan egin behar dela adierazi du.
"Inoiz baino gehiago babestu eta berretsi behar ditugu gure printzipio eta balio komunak: tolerantzia, askatasuna, justizia soziala eta giza eskubideak", azaldu du.
Testuinguru horretan, Europaren balioa jarri du mahai gainean. "Europa gehiago behar dugu eta Europan elkartuta egon. Premiazkoa da balioen sare komun bat ehuntzea, inori erortzen utziko ez diona, pertsonen eta herrien aniztasuna errespetatuz", azpimarratu du.
Gasteizko alkateak udalerrien papera aldarrikatu du "susperraldi seguru, berde, justu eta inklusiboan laguntzeko", Eudeleko presidente gisa jaso duen "herentzia" balioetsi, eta erakundearen "indargune nagusia" pertsonekiko hurbiltasuna dela nabarmendu du.
Iñigo Urkullu lehendakariak, bestalde, Volodimir Zelenskik atzo Gernikako bonbardaketari buruz esandakoak gogoratu ditu, eta gerra ezberdinetako biktima guztiak omendu ditu minutu bateko isilunearekin.
Demokraziako lehen tokiko erakundeen oinarriak ezartzeko konpromisoa ardatz harturik, 1982ko maiatzaren 8an sortu zen Eudel. Hasieran 144 udalerri batu baziren ere, urteen poderioz kopuruak gora egin du, eta, gaur-gaurkoz, Euskadiko udalerri guztiak (251) ordezkatzen ditu, baita Trebiñu Konderriko bi udalerriak, 13 mankomunitate eta bi kuadrilla eta Nafarroako beste sei bazkide ere.
40 urte hauetan, 28.000 udal kargudunek baino gehiagok hartu dute parte elkartean, eta gaur omenaldia egin diete, Eudelen presidenteei besteak beste: Iñaki Oregi (jada hila, bere familiak ordezkatu du), Jose Maria Gorordo, Jose Maria Gonzalez, Karmelo Sáinz de la Maza, Jokin Bildarratz, Ibone Bengoetxea eta Imanol Landa.