Politika -

BILERA ERRONDA

EAJk eta PSE-EEk "batasuna" eskatu dute Ukrainako gerrak eragindako krisiari aurre egiteko

Lehendakaria EAJren eta PSE-EEren ordezkariekin batzartu da Ukrainako gerrak eragindako krisia aztertzeko aste honetan egin duen bilera errondaren baitan.

Ajuria Enean egindako bilera bateko irudia. EITB Mediako bideo batetik ateratako irudia
Ajuria Enean egindako bilera bateko irudia
Urkullu lehendakaria EAJko eta PSE-EEko ordezkariekin bildu da

1:43

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak EAJrekin eta PSE-EErekin amaitu du gaur Ukrainako gerrak eragindako krisia aztertzeko aste honetan egin duen bilera sorta. Jeltzaleen aldetik Andoni Ortuzarrek eta Joseba Egibarrek parte hartu dute eta sozialisten izenean, ostera, Eneko Anduezak eta Ekain Ricok.

EAJren ordezkaritzak balorazio positiboa egin du, lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzak egindako esfortzuagatik: "Alde batetik, kaltetuen gertatu diren sektoreekiko hurbiltasunagatik (errefuxiatuak, familiak, enpresak, eta abar), eta, bestetik, erakundeekin eta hirugarren sektore sozialarekin egin den lankidetzagatik".

Jeltzaleen arabera, pandemiak eta Ukrainaren inbasioak eragindako ondorioek erantzun batasuna eskatzen dute. Gaineratu dutenez, erakundeetako aurrekontuen egoera onak beharrizan sozialei modu azkarrean erantzutea ahalbidetzen du. Ildo horretan, jarduera ekonomikoa eta enplegua suspertzeko eta Next funtsak bermatzeko inbertsio publikoak bultzatzea defendatu du.

Azkenik, lehendakariarekin batera aztertu Legebiltzarreko gainerako taldeen ekarpenak aztertu dituzte eta adostasunerako aukerak badaudela ondorioztatu dute.

Eneko Andueza: "Ekintza batasunerako unea da"

Lehendakariarekin batzartu ondoren Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak azpimarratu duenez, "ekintza batasunaren unea" da, ez bakarrik gobernuena, baita oposizioa osatzen duten taldeena ere.

Aldi berean, nabarmendu du ez dela diskurtso populistak eta demagogikoak egiteko garaia, "bakoitzari dagokion erantzukizunetik" ahulenak babesteko eta ezkutu soziala ezartzekoa baizik. Era berean, Ukrainako gerrak eragindako egoerari aurre egiteko errezeta sozialdemokratak goraipatu ditu.

Prentsaren aurrean egindako adierazpen batean, Eneko Anduezak erantzun du koalizio gobernua akordio handien bila dabilela legegintzaldiaren hasieratik, eta oposizioari eskatu dio arduratsu jokatzeko eta gobernuari laguntzeko.

Kazetarien aurrean egindako adierazpenetan eta akordio aukeren inguruan galdetuta, Eneko Anduezak erantzun du koalizio gobernua legegintzaldi hasieratik ari dela adostasun zabalak erdietsi nahian eta oposizioari eskatu dio arduratsu jokatzeko eta gobernuari laguntzeko.

PP+Cs koalizioak Iñigo Urkullu lehendakariari eskatu dio familia eta enpresei zergak jaisteko eta diruzaintzako soberakinekin Ukrainako gerraren ondorioei aurre egiteko egitasmo bat martxan jartzeko.

Elkarrekin Podemos-IUk lehendakariari itun sorta baten alde lan egitea proposatu dio, esaterako energia arloan kostu elektrikoak murrizteko, eta errentan, langileriaren erosteko ahalmena bermatzeko.

EH Bilduk familientzat argindarraren zein gasaren prezioaren igoerari aurre egiten familiei laguntzeko 250 euroko bonu bat sortzea proposatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari, baita dirulaguntza sozialak, lanbide arteko gutxieneko soldata eta orokorrean soldatak igotzea ere.

Urkulluk lau hilean behin euskal alderdietako ordezkariekin biltzeko hartu zuen konpromisoa betetzeko deitu ditu lehendakariak aipatu bilerak.

Ukrainaren inbasioaren ondoren sortutako egoera aztertzeko, osoko bilera monografikoa egingo du Eusko Legebiltzarrak ostiralean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PNV-EAJ Urkullu azken albisteak Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra PSE-EE Gipuzkoa Albisteak Gaur Albisteak Eneko Andueza azken ordukoa