Politika -
BIZKAIA
Usansolo independentearen alde bozkatu du herritarren % 81,5ek
2302 pertsonak eman dute gaur botoa, % 63ko partaidetza lortuz. Iñigo Hernando Galdakaoko alkatearentzat, zenbakiek "kontsulta hori egitearen garrantzia" erakutsi dute, eta "kontuan hartzeko datuak" direla azpimarratu du.
Agentziak | EiTB Media
Usansoloko herritarrek Galdakaotik bereizitako udalerria izan nahi dutela erabaki dute gaur. Boto-emaileen % 81,5k "bai" erantzun dio "Nahi al duzu Usansolo udalerri independente gisa eratzea?" galderari.
16 urtetik gorako 3.700 herritar inguru zeuden gaur botoa ematera deituta. Parte-hartzea % 63,12koa izan da; izan ere, 09:00etatik 20:00etarako hautestontziak itxi arte 2.302 boto jaso dira.
Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak oso modu positiboan baloratu du parte-hartze hori. Azpimarratu duenez "gaurko ariketa demokratiko hau lasaitasun eta normaltasun osoz" egin dute herritarrek eta zenbakiek agerian utzi dute "zeinen garrantzitsua zen galdeketa hau egitea". Nabarmendu du, galdeketa loteslea ez bada ere, "kontuan hartu beharreko datuak" direla.
Joan den martxoaren 7an iragarri zuen galdeketa Galdakaoko Udalak, herri galdeketa ez loteslea egiteko baimena foru arau batean jaso ostean.
Gaurko bozketaren emaitza Bizkaiko Foru Aldundiari igorriko dio Galdakaoko Udalak. Era berean, segregazio edo desanexio prozesuaren memoria bat bidaliko dio.
Txostenak aztertu ondoren, Bizkaiko Batzar Nagusiek Usansolo udalerri independente bihurtzeko aukeraren inguruan erabaki beharko dute. Batzar Nagusiek babesa ematen baldin badiote, Galdakaotik banandu ahal izango da.