Politika -
memoria historikoa
Frankismoak 1936 eta 1945 artean exekutatutako 2.000 pertsona baino gehiago omendu ditu Eusko Jaurlaritzak
Gogora Memoriaren Institutuaren ikerketa baten arabera, 2.194 pertsona hil zituzten urte horien artean. Tokiko agintari nagusiek pertsona horiek gogoratu dituzte, Bilboko Hilerrian egindako omenaldian.
itxaso leon kareaga | eitb media
Iñigo Urkullu Lehendakaria Eusko Jaurlaritzak eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Gerra Zibilean eta gerraostean (1936-1945) demokrazia defendatzeagatik exekutatutako 2.194 pertsonei egin dieten omenaldiaren buru izan da larunbat honetan. Derion (Bizkaia) izan da ekitaldia, Bilboko Hilerrian.
Gerra Zibilean eta gerraostean demokraziaren alde egiteagatik exekutatutako pertsonen 300 senideen aurrean adierazi duenez, biktima horiek "Euskadiko memoria historikoaren parte dira".
Gogoraren ikerketaren arabera, 2.194 izan ziren guztira (60 emakume eta 2.134 gizon) urte horien artean exekutatutako pertsonak. Biktima horien erdia zibilak ziren, eta horien artean daude bando frankistak epai judizialik igorri gabe fusilatutakoak eta Gerra Kontseilu baten ostean exekutatutakoak.
Urkulluk azpimarratu duenez, Gerra Zibilean eta gerraostean "zigorgabe eta bidegabekeriaz" exekutatutako pertsona horiek "bidezko kausa baten alde egin zuten: askatasuna, euren herrialdearen eta autogobernuaren defentsa, justizia soziala, printzipio eta balore demokratikoak".
Halaber, biktima horien "duintasuna aitortu, omendu eta lehengoratzeko" asmoa nabarmendu du. "Haien lekukoa jasoz eta totalitarismoaren eta intolerantziaren aurrean printzipio eta balio demokratikoekin dugun konpromisoa berretsiz egiten dugu", gaineratu du lehendakariak.
Bere hitzaldian, Urkulluk gerrari erreferentzia egin dio, ordukoari eta oraingoei. Ukrainia aipatuz adierazi du gerra beti dela "tragedia, zentzu guztietan, batez ere oinarrizko eskubideei dagokienez"
Familien memoria
Iñigo Urkullu lehendakariak eskerrak eman dizkie familiei, Gerra Zibilean eta gerraostean hildako biktima guztien "izen ona, duintasuna eta oroimena gordetzeagatik". Aurrerantzean, gaineratu du, "familia-memoria hori gizarte-memoria bihurtuko da, zuen senideak Euskadiko memoria demokratikoaren parte dira".
Omenaldira bertaratu diren senideen artean izan da Rosario Valdivielso, 100 urtekoa, Juan Jose Valdivielso Labradorren alaba. Gerra Kontseiluak Gijonen fusilatu zuen 1937ko azaroan, eta udalerriko hilerrian lurperatu zuten. Ondarroako bizilaguna zen, eta alarguna zen hil zutenean. Azaldu duenez, La Navalen lan egindakoa zen, eta UGTko kidea. "Bizitza osoa eman zuen bere ideien eta askatasunaren aldeko borrokan", nabarmendu du.
Maite Canedo, berriz, Heliodoro Patricio Jorge Lakaren biloba da. Gerra Kontseiluaren sententziaz exekutatu zuten 1938ko urtarrilean, eta Derioko hilerrian lurperatu. Ortuellakoa zen, Barakaldoko bizilaguna, erasoko guardia, ezkonduta zegoen eta 4 seme-alabaren aita zen. Canedoren hitzetan, Ukrainako egoerak agerian uzten du "ez dugula ia ezer ikasi". Mintzaldiaren amaieran, gerrari ezetz esan dio.
Maria Natividad Roa, Florentzia Olazagoitia Ceciagaren "sozialista errepublikanoaren" biloba. Oiartzunen exekutatu zuten, epaiz kanpo, 1936ko azaroan, eta udalerriko hilerrian lurperatu zuten. Arrasatekoa zen, eta hiru seme-alaba zituen eta haurdun zegoen hil zutenean. Roaren aburuz, "hori ez zitzaien axola izan Arrasaten salatu zutenei, ezta hil zutenei ere". Uste du gertakari horien inguruko "isiltasunak" garaileei bakarrik "mesede" egin diela. Adierazi du ez dakiela amonaren gorpua non dagoen, eta erakundeei eskatu die "artxiboak irekitzeko", gertatutakoa ezagutu ahal izateko.
Bertaratutakoek bideoan ikusi ahal izan dute matxinatuek nola egiten zituzten exekuzioak, bai Gerra Kontseiluaren bidez, bai judizioz kanpo, Euskadiko lurralde bakoitzean, non biktimen zifra nagusiak ere azaldu diren. Biktimen argazkiak ere jasotzen ditu bideoak, baita haien familiei zuzendutako agur-gutunetan jasotako azken gogoetak ere.
Agintariak, familiekin batera, fusilamenduak egiten ziren hormetako batera hurbildu dira. Bertan, oraindik orain, ikusteko moduan daude tiroek harrizko horman utzitako markak.
Hesiaren alde banatan, oroitzapenezko bi plaka jarri dituzte, Derioko hilerrian exekutatu eta lurperatutako pertsonen izenekin, 523 pertsona guztira.
Bi plakak agerian utzi ondoren, bi dantzarik ohorezko aurreskua dantzatu dute eta, jarraian, lore-eskaintza egin da hormaren aurrean