Politika -
Fiskaltza
Carmen Adan beste bost urtez hautatu dute EAEko fiskal nagusi
Estatuko fiskal nagusiaren arabera, "bilakaera betean dagoen proiektuari jarraipena ematea da" Adan berriro hautatzea.
Agentziak | EITB Media
Carmen Adanek Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusia izaten jarraituko du beste bost urtez. Kontseilu Fiskalak hautatu du, Arabako fiskalburua den Josu Izaguirre beste hautagaiaren aurrean.
Adan 1985etik da fiskala. Bizkaiko fiskalen burua izan zen 2008tik 2017ra. Orduan, EAEko fiskal nagusi izendatu zuten, hautaketa prozesuan Izaguirreri eta ordura arteko fiskal nagusi Juan Carpalsorori gailenduta.
Zuzenbide Penal Ekonomikoan espezializatuta dago Adan. Bizkaian politikoki garrantzitsuak izan diren kasuak eraman ditu, Juan Ramon Ibarra Bizkaiko Ogasuneko Ikuskapen alorreko buruaren kontrakoa, Melchor Gil buruzagi sozialista eta Patxi Lopezen koinatuaren kontrakoa eta Kutxabanken eta Mikel Cabieces Espainiako Gobernuko ordezkariaren arteko kontratuaren ingurukoa.
Estatuko fiskal nagusiaren arabera, "bilakaera betean dagoen proiektuari jarraipena ematea da" Adan berriro hautatzea. Delgadok esan duenez, proiektua "denboran luzatu behar da, berak zuzentzen duen Fiskaltzak modernizatzeko dituen erronkei aurre egiteko". "Bere esperientzia profesionalagatik, taldeak kudeatzen, zuzentzen eta antolatzen duen ezagutzagatik, erakundearekiko leialtasunagatik eta agintaldiko lehen zikloan egindako lanagatik nabarmendu da", horren hitzetan.