Politika -
Larrialdi energetikoa
Sanchezek martxoaren 29ra atzeratu du krisi energetikoari erantzuna emateko momentua
Espainiako Gobernuko presidenteak "sektore guztiekin hitz egitea" defendatu du, krisi energetikoaren aurkako "planik onena" lortzeko, Mas Paisek egindako galdera bati erantzunez.
Mikel Dominguez | EITB Media
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak martxoaren 29ra atzeratu du, datorren Ministro Kontseiluan, Ukrainako gerrak eragindako krisi energetikoari aurre egiteko politikak hartzea. Mas Paisek Diputatuen Kongresuko kontrol saioan egindako galdera bati erantzunez, Sanchezek "sektore guztiekin hitz egitea" defendatu du, krisiaren aurkako "planik onena" bilatzeko.
Gobernua "gizarte- eta lurralde-justizian" oinarritutako erantzuna emateko lanean ari dela esan du presidenteak, pandemiarekin egin zuen bezala, eta alde guztiekin hitz egiten ari dela "planik onena adosteko". Exekutiboko buruak azken bi urteetako "lorpen eta aurrerapen sozialak" aipatu ditu, "lan-erreforman gauzatu zirenak", eta gauza bera egiteko eskatu du "gerraren ondorioekin".
Presidenteak gogorarazi du Europar Batasuna gasaren prezioen igoerari aurre egiteko akordio bat lortzeko lanean ari dela, eta Gobernuak gasa elektrizitatearen preziotik bereizi nahi duela. "Mekanismo guztiak martxan jarriko ditugu", esan du Sanchezek, baina ez du neurririk zehaztu nahi izan, "guztiekin adostu behar baititugu: eragile sozialekin, autonomia erkidegoekin eta talde parlamentarioekin".
Sanchezek martxoaren 29an "deitu" ditu gainerako alderdiak, orduan onartuko baititu Ministroen Kontseiluak neurri ekonomikoak, Iñigo Errejon Talde Parlamentario Pluraleko diputatuari erantzunez. Errejonek krisi hau "nork ordainduko duen" galdetu du.
Errejonek eskatu du "gehien dutenek gehiago lagundu dezatela", Espainian "ahaleginak gaizki banatuta baitaude", "aberasten ari diren" eta "gerrikoa estutzeko tarte handia duten" enpresa elektrikoei erreferentzia eginez, eta gogorarazi du Gobernuak ez duela zailtasunik izan gastu militarra handitzeko.
Mas Paiseko buruak ohartarazi du legegintzaldia "bitan banatzen" ari dela, eta "hemendik aurrera" dena krisiaren kostuak banatzeko moduaren araberakoa izango dela. "Nahi denean, egin daiteke. Horretan funtsezkoa da lehentasunak argi izatea ", esan du.