Politika -
Ukrainako gerraren ondorioak
Urkulluren ustez, Espainiako Gobernua "gehiegi ari da luzatzen" gerraren ondorioei konponbidea ematea
Saharako auzian Sanchezek izandako jarrera aldaketa hizpide, "harrituta eta nahastuta" daudela onartu du eta "argibideak gaur emateko" eskatu dio lehendakariak.
Eider Garaikoetxea O. | EITB
Iñigo Urkullu lehendakariaren iritzian, Espainiako Gobernua "denboran gehiegi luzatzen ari da" Ukrainako gerraren ondorioz erregaiak eta energia garestitu izanari konponbide bat ematea.
Argitu du Eusko Jaurlaritza inbasioa gertatu zenetik, urtarrilaren 22tik, ari dela neurriak eskatzen, eta martxoaren 2an "elkarrizketa luzea" izan zuela Espainiako presidentearekin hainbat gairen inguruan (ekonomiaz, gasa eta energia ezberdintzearen beharraz, estanflazioaren arriskuaz...). Deitoratu du, hitz egin den arren, ez dela "inongo erabakirik hartu". Dena den, lehendakariak "ulertu nahi" du Espainiako Gobernua, horren jardunbidea Europako politikarekin lotuta baitago.
Era berean, zehaztu du Eusko Jaurlaritza eta foru aldundiak euren eskumenen arabera har ditzaketen neurriak aztertzen ari direla, eta Europako Kontseiluak erabaki dezakeenaren zain daudela.
Erregaiaren garestitzeari aurre egiteko konponbideaz galdetuta, Urkulluk adierazi du erregaien prezioa jaisteaz hitz egiten ari direla, baita "fiskalitate alorrean behin-behineko murrizketa" bat aztertzeaz ere. Nolanahi ere, azken neurri hori "aldi baterako" bakarrik dela ohartarazi du, "politika publikoei eusteko diru-bilketara behar-beharrezkoa" delako.
Saharako auzian Pedro Sanchezek izan duen jarrera aldaketaz ere mintzatu da lehendakaria. Nabarmendu duenez, "harrituta eta nahastuta" daude politika aldaketa horrekin, erantsi du ez direla "mezu argigarriak" ematen ari. Horren ustez, "gaur bertan argitu beharko luke jarrera hori".
Herri Irratian egin dioten elkarrizketa batean onartu du Espainiako Gobernuaren egoera "delikatua" dela, eta Sanchez "inbestidura blokeari eusteko dituen aukeren jakitun" izan behar dela.
Azkenik, hezkuntza itunaren alorrean lau alderdik (EH Bildu, Elkarrekin Podemos, PSE-EE eta EAJ) lortutako akordioak "ilusioa eta itxaropena" pizten dizkiola aitortu du. Are gehiago, nabarmendu du Eusko Legebiltzarrean hartzen diren erabakien % 50 Jaurlaritza osatzen duten indarren babesarekin ez ezik, beste alderdi baten babesarekin ere hartzen direla.