Politika -

Korsika

Macronek Yvan Colonnaren heriotzari buruz: "Gizon bat hil da eta egoera larria dela uste dut"

"Ondorioak aterako ditugu", aurreratu du Frantziako presidenteak, kartzelan ez litzatekeelako horrelakorik gertatu behar. Eliseoko bozeramaile Gabriel Attalen iritzian, "hanka-sartze oso larria izan zen".

Protesta Korsikan Ivan Colonna hil ondoren. Irudia: AFP
Protesta Korsikan Ivan Colonna hil ondoren. Irudia: AFP
Protesta Korsikan Ivan Colonna hil ondoren. Irudia: AFP

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yvan Colonnaren heriotzaren ostean "lasaitasuna" eta "erantzukizuna" eskatu ditu Emmanuel Macron Frantziako presidenteak France Bleun. "Gizon bat hil da eta egoera larria dela uste dut", erantsi du agintariak. "Ondorioak aterako ditugu", aurreratu du buruzagiak, kartzelan horrelakorik berriro ez gertatzeko.

1998an Korsikako prefeta hiltzea egotzita biziarteko espetxe-zigorra ezarri zioten Colonnari. Zigorra eten zioten "osasun arrazoiak" argudiatuta, baina astelehenean hil zen, martxoaren 2tik koman egon ondoren. Arleseko kartzelan beste preso bat Colonna itotzen saiatu zen.

Erasoak protestak piztu zituen Korsikan, eta dozenaka zauritu izan ziren. Colonnaren heriotza baieztatu ondoren, mobilizazioak deitu dituzte uharteko toki ezberdinetan, baina bertako komunikabideek jakitera eman dutenez, lasaitasuna nagusi izan da orain arte protestetan.

Arleseko espetxean gertatutakoa ikertuko dela agindu du Gabriel Attal Frantziako Exekutiboaren bozeramaileak Europe 1 irratian. Are gehiago, "hanka-sartze oso larria izan zen", esan du Attalek. Zentzu horretan, ikerketak (politikoa zein judiziala) martxan direla azpimarratu du.

Frantziako Gobernua: "Hanka-sartze oso larria izan zen"

Macron Korsikako autonomia negoziatzeko prest agertu da azken egunetan. Attalen hitzetan, ez da berria, elkarrizketak agintaldiaren hasieran abiatu zirelako. "2017an, Emmanuel Macronek autonomiaren gaiari heldu zion", adierazi du bozeramaileak. Hala ere, elkarrizketak orain "areagotu" egin direla onartu du Attalek.

Elkarrizketaren bidea zabalik izatearen alde agertu da presidentea, "korsikarrek hobeto bizitzeko".

Zigorra kontinenteko kartzela batean bete beharrean uharteko espetxe batean bete izan balu, Colonnaren heriotza saihestuko litzakeela ziurtatu du independentismoak.

Zentzu horretan, Jean Castex lehen ministroak ohar batean iragarri duenez, Alain Ferrandi eta Pierre Alessandri preso korsikarrek zigorra uhartean beteko dute. Castexek adierazi du apirilaren erdialdera hurbilduko dituztela.

"Korsikak eta Euskal Herriak bizi dituzten gatazkei konponbide demokratikoa" emateko eskatu du Sortuk

"Preso politikoen askatasuna eragozteko jarrerari eustea" leporatu dio Sortuk Frantziako Estatuari, eta "Korsikak eta Euskal Herriak bizi dituzten gatazkei konponbide demokratikoa" ematea eskatu du.

Bestalde, EH Baik manifestazioa deitu du larunbaterako Baionan (Lapurdi), 15:00etan. Protesta hiriburuko San Andres plazatik abiatuko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Sortu Iparraldea Presoak Frantzia Baiona Eguneko albisteak Albisteak Emmanuel Macron Espetxeen azken ordukoa Zuberoa Lapurdi Nafarroa Beherea Frantziako Gobernua