Politika -

SAHARA

Talde politiko gehienek Sanchezen agerraldi-eskaera erregistratu dute Sahararen inguruko azalpenak eman ditzan

Itxura guztien arabera Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri Gaietarako ministroak etzi emango ditu azalpenak Kongresuan, zergatik jotzen duen orain balezkotzat Espainiak Mendebaldeko Sahara Maroko barruko autonomia izateko proposamena. Dena dela, Sanchezek berak erantzutea nahi dute taldeek.

Pedro Sanchez presidentea EFEko artxiboko irudi batean
Pedro Sanchez presidentea EFEko artxiboko irudi batean
Alderdiek azalpenak eskatu dizkiote Pedro Sanchezi Sahararen inguruko jarrera aldaketagatik

1:29

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuko kide parlamentarioek eta gutxiengoa duten beste alderdi batzuek Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Osoko Bilkuran agertzeko eskaera formalizatu dute astelehen honetan Kongresuan, Gobernuak Mendebaldeko Saharari buruz duen jarrera-aldaketaren inguruan azalpenak emateko.

Zehazki, ERCk, EAJk, EH Bilduk, Mas Paisek, Compromisek eta Nueva Canariasek sinatu dute eskaera, baina baita Juntsek, PDeCATek, CUPek eta Coalicion Canariak ere. Alderdi Popularra ere gehitu da zerrendara.

Unidas Podemos da oraindik Espainiako Gobernuak Mendebaldeko Sahararen autonomia proposamenari eman dion babes berriari lotutako ekimenik erregistratu ez duen talde parlamentario bakarra.

Mendebaldeko Sahararen harira Espainiako Gobernuak estrategia bapatean aldatu izanak asaldatu egin ditu Alderdi Sozialista ez gainerako talde guztiak. Jose Manuel Albares Kanpo Arazoetako ministroa Kongresuan agertzeko prest agertu da, taldeei Gobernuaren irizpide-aldaketaren berri emateko, eta, itxura guztien arabera, asteazken honetan egingo du agerraldia.

Hala ere, talde parlamentario gehienek eskatu dute Sanchezek berak eman ditzala azalpenak; izan ere, Exekutiboak ez du Kabinete osoaren oniritzirik, Unidas Podemosek autodeterminazioari buruzko erreferendumaren alde egiten jarraitzen baitu.

Ostegun eta ostiral honetan Kontseilu Europarraren ondorioen berri ematera joango beharko du presidenteak Kongresura, eta litekeena da Osoko Bilkura hori erabiltzea sahararren auziari buruzko azalpenak ere emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Espainiako Gobernua albisteak Espainia Alderdi politikoak berriak Pedro Sánchez bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Mendebaldeko Sahara azken ordukoa Maroko azken ordukoa