Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Otegi: "Ez gara Putinzaleak, eskuinekoa da eta pribatizatzaile hutsa"
EH Bilduren koordinatzaile nagusiaren ustez, gatazka bide diplomatikoetatik konpondu behar da; izan ere, Errusia potentzia nuklear bat da eta "mundua 48 ordutan pikutara bidal dezake".
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak azpimarratu du koalizio subiranista ez dela Vladimir Putin Errusiako presidentezalea. "Putin ez da ezkerrekoa, eskuinekoa baizik, eta pribatizatzaile hutsa da", argudiatu du. Dena dela, Ukraina eta Errusiaren arteko gatazka bide diplomatikoetatik konpondu behar dela nabarmendu du, ez armak bidalita. Gainera, gogorarazi duenez, Errusia potentzia nuklear bat da, eta "mundua 48 orduan pikutara bidal dezake".
EH Bildu Putinen alde egotea eta NATOaren aurkako jarrera "obsesiboa" izatea egotzi dio EAJk, eta horri buruz galdetu diote Otegiri Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan. Halako adierazpenak "umorez" hartzen dituztela adierazi du EH Bilduko koordinatzaileak, eta, gogora ekarri duenez, "Euskal Herriak demokratikoki ezetz esan zion NATOri. Herri honen erabakia da, ez gure obsesioa".
Espainiako Gobernuak Sahararen auziaren aurrean izan duen jarrera aldaketaz, honako hipotesia bota du Otegik: "Bada pentsatzen duenik Espainia plataforma estrategikoa izan daitekeela gasaren alorrean. Orduan, Espainiak erabaki du irabazleekin lerrokatzea, AEBrekin, Alemaniarekin eta Frantziarekin, eta herri bat sakrifikatu du. Horrek frogatu du mendebaldean dagoen hipokresia: herri bat saldu dute nazioartean hartutako erabakia errespetatu gabe eta Marokoren aldeko apustua eginda".
Sanchezen azken erabakiek (Sahararena, Ukrainara armak bidaltzearena...) EH Bilduk Espainiako Gobernuari emandako babesa kolokan jar ote dezakeen galdetuta EH Bilduko buruzagiak erantsi duenez, "PSOEk erabaki behar du non kokatzen duen bere burua, eta azken erabakiek erregimenaren lekuan jartzen dute". "Ez dugu guk galtzen, beraiek galtzen dute", erantsi du.
Hezkuntza alorrean Eusko Legebiltzarreko lau alderdik, EH Bilduk tartean, lortutako akordioa ere izan du hizpide Otegik. Horren ustez, "aukera historiko baten aurrean" gaude, baina lortu den hori hiru lurraldetarako bakarrik dela nabarmen du, eta Euskal Herriak zazpi dituela. Hizkuntzari dagokionez, helburua finkatzea lortu dutela adierazi du, alegia, ikasleek ikasketak amaitutakoan izan behar duten hizkuntza maila zehaztea. "Euskarak izan behar du ez bakarrik ardatz, baizik eta helburu hezkuntza itun horretan", Otegiren iritzian.