Politika -
Korsika
Frantziak Yvan Colonna preso korsikarrari zigorra eten dio
"Familiak lasaitu ederra hartu du", adierazi du Sylvain Cormier presoaren abokatuak. Hala ere, behin-behineko erabaki bat da, osasun egoerak hobera egin arte, eta une hori iritsita berriz espetxeratzea azter dezakete.
Agentziak | EiTB Media
Frantziako Justiziak osasun arrazoiengatik Yvan Colonna preso korsikarraren zigorra etetea erabaki du. Colonna martxoaren hasieratik koman dago, beste preso batek eraso egin ondoren.
61 urteko Colonna Marseillako ospitalean dago oso larri. Korsikako presoari biziarteko espetxe-zigorra ezarri zioten, 1998an Claude Erignac prefeta, Frantziako Estatuak uhartean duen ordezkari nagusia, hiltzea egotzita.
Osasun egoera oso larria denean espetxe-zigorra eteteko aukera aurreikusten du Frantziako legediak. Terrorismoaren Aurkako Fiskaltzaren oniritzia jaso ondoren, epaileak erabakia hartu du, Le Figaro egunkariak zehaztu duenez.
"Familiak lasaitu ederra hartu du", adierazi du Sylvain Cormier presoaren abokatuak. Hala ere, behin-behineko erabaki bat da, osasun egoerak hobera egin arte, eta une hori iritsita berriz espetxeratzea azter dezakete.
Arleseko espetxean Colonna gainerako presoengatik nahikoa ez babestea leporatu diote Korsikako agintariek Frantziako Estatuari, erakundeen utzikeria salatuz. Colonnaren erasotzaile islamistari terrorismoa egotzi diote.
Erasoak protesta oldea piztu du Korsikan. Dozenaka manifestari eta polizia zauritu dira istiluetan.
Bi asteko mobilizazioen ostean, Mediterraneoko uhartea lasaitasunera itzuli delako zoriondu da Frantziako Gobernua. Egonkortasunak jarraitzen baldin badu, eskumenak eta preso korsikarren senideen eskakizunak aztertuko dituztela esan du Eliseok.