Politika -
Ukrainako gerra
Ukrainako inbasioa gaitzetsi du Legebiltzarrak, taldeen arteko desadostasunak tarteko
PP+Cs koalizioak eta EH Bilduk eraman dute afera Legebiltzarrera, aldi berean eztabaidatu dituzten bi ekimenen bitartez.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Eusko Legebiltzarrak Ukrainako inbasioa gaitzetsi du ostegun honetan, taldeen adostasuna erabatekoa izan ez bada ere. Eztabaida saioan agerian geratu da alderdien arteko akordio eza, gerraren ondorioei aurre egiteko neurriak aztertuko dituen ikerketa batzorde bat eratzeari uko egin baitiote.
PP+Cs koalizioak eta EH Bilduk eraman dute afera Legebiltzarrera, aldi berean eztabaidatu dituzten bi ekimenen bitartez.
Alde batetik, aurrera atera da PP+Cs, EAJ eta PSE-EE alderdiek hitzartutako eta Voxek babestutako zuzenketa bat, EH Bilduk eta Podemosek aurka bozkatu duten arren. Horren bidez "erabat" salatu eta gaitzetsi egin dute Ukrainako inbasioa, eta Europar Batasunari eskatu diote sendotu ditzala Errusiaren aurkako zigorrak.
Halaber, gerra krimen guztiak ikertzeko eta Espainiako Gobernuaren, Europar Batasunaren eta NATOren ekintzak babesteko eskatu dute, eta elkartasuna adierazi diote ukrainar herriari.
Bestetik, ez da aurrera atera koalizio abertzaleak eta Elkarrekin Podemosek bultzatutako proposamena, gainerako talde guztiek errefusatu baitute. Batzorde berezi bat eratzea eskatzen zuten aipatu bi alderdiek, gerraren ondorioei erantzuteko neurriak aztertze aldera. Horrez gain, Ukrainako gerraren inguruko saio berezi bat ere nahi zuten.
EH Bilduko Nerea Kortajarenaren iritziz, gaur onartutako ekimenaren helburua ez da Ukrainan gertatzen ari dena salatzea, ezta erantzun bateratu bat bilatzea ere. "Seguru beste interes batzuk dituztela", ziurtatu du. Bestalde, sinatzaileei egotzi die "elkarrizketari ezetz" esatea, EH Bilduk gerrari eta NATOri ezetz esaten diola gogora ekarrita.
Hain zuzen ere, sinatzaileek "NATOri babesa" eman diotelako egin dio uko Elkarrekin Podemoseko Iñigo Martinezek proposamenari. "Nahita jarri duzue erdigunean ezberdintzen gaituen kontu hori", salatu du PP+CS-ri aipamen eginez. "Erabat gaitzesten dugu inbasioa, presio mekanismo guztiak babesten ditugu eta begi onez ikusten dugu Errusiako Gobernua eta oligarkak zigortzea", erantsi du.
Carmelo Barriok (PP+Cs), bere aldetik, Elkarrekin Podemosek aurpegiratutakoa arbuiatu du, eta esan du asmo dutela "salaketa, gaitzespen eta exijentzia handiena" lortzea. EH Bildurentzat ere izan du mezurik: "Ez baduzue guk dugun exijentzia maila bera, zuek zarete mugatuta zaudetenak". Bukatzeko, Elkarrekin Podemosi gogorarazi dio bere alderdia NATOren parte den herrialde bateko gobernuan dagoela.
EAJko Iñaki Aguirrek ere hartu du hitza, EH Bildu jomugan zeukala. "Lotsagarria eta gustu txarrekoa da giza tragedia batean nork bere interesak defendatzea", leporatu dio. Erantzun bat emateko asmotan, erakundeek asteak daramatzate lanean, Aguirreren esanetan, eta "EH Bildu berandu iritsi da". Gainera, "NATOri eta gerrari ez" leloan tematuta dauden alderdiak kritikatu ditu.
Txarli Prieto sozialista penatuta agertu da eztabaidak hartu duen norabidea ikusita, eta ez du proposatutako batzorde berezia onartu nahi izan, egoerak berehalako erantzunak eskatzen dituelako.
Azkenik, Voxek azpimarratu du beharrezkoa dela Ukrainako gerra "aho batez gaitzestea", eta argi utzi du gatazka ez dela "bulegoetatik edota batzorde berezietatik" konpontzen.