Politika -
Epaia
ANk Gorka Palacios ETAko kide ohia absolbitu du inkomunikazio garaian esandakoak froga ez direla argudiatuta
Fiskaltzak 316 urteko kartzela zigorra eskatzen zuen Madrilen bonba auto bat zartaraztea leporatuta. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Atristain auzian ezarritako jurisprudentzia hartu du kontuan Espainiako auzitegiak.
EITB MEDIA
Espainiako Auzitegi Nazionalak (AN) Gorka Palacios ETAko kide ohia absolbitu du, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Aristrain auzian ezarritako jurisprudentzia oinarri hartuta. Fiskaltzak 316 urteko espetxe zigorra eskatzen zuen Palaciosentzat, 2001ean, Madrilen, ETAren Madril talde kide gisa, bonba auto bat zartaraztea egotzita. Auzitegiak, ordea, ez ditu frogak ontzat jo, presoak inkomunikatuta zegoenez, torturapean esandakoak izan daitezkeelako.
Auzitegi Nazionalak gogorarazi duenez, Europako Auzitegiak ebatzi du presoa inkomunikatuta dagoenean lortutako frogak ezin direla aintzat hartu. Estrasburgok Espainia zigortu zuen duela bi hilabete, eta Xabier Atristaini 12.000 euroko kalte ordaina ematera behartu. Argudiatu zuenez, ETAko kide ohia atxilotu eta inkomunikatu zutenean ez zioten abokatua aukeratzen utzi, eta orduan egindako deklarazioak kalte egin zioten. Hala, presoari bidezko epaiketa izateko eskubidea urratu zioten.
Epai horren aurrean, Foro Sozialak esan du garaia dela "torturaren biktima izan diren presoei buruz egon den susmoa gainditzeko", eta "biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidea bermatzeko".