Politika -
'12 minutos'
Alfonso Alonso: "Noizbait izango da PPren kongresu bat Euskadin, eta gustatuko litzaidake parte hartzea"
Euskadiko PPko presidente ohiak nabarmendu duenez, ez du politika publikora itzultzeko asmorik, baina bigarren mailatik arituko dela dio, "Feijook non behar nauen, hantxe".
Itxaso Leon Kareaga | Eitb Media
Alfonso Alonso Osasun ministro ohiak eta Gasteizko alkate ohiak hausnartu duenez, Alberto Nuñez Feijook, alderdi popularreko presidentetzarako hautagai nagusiak, "oso ondo egin dezake". Hala ere, nabarmendu du ez zaizkiola "hiper lidergoak" gustatzen, eta "askoz alderdi koralagoa" izaten saiatu behar dutela.
Alonsok ETB2ko '12 minutos' saioan eskaini du lehen elkarrizketa, duela bi urte Euskadiko PPko lider kargua utzi zuenetik. Bertan aipatu duenez, "Nuñez Feijoo bezalako orkestra zuzendaria" bilatu behar dute, "esperientziaduna eta bermeduna, baina gobernatu dezakeen talde bat sortzeko betebeharra dauka".
Ziurtatu duenez, ez du lehen lerrora itzultzeko asmorik, baina proiektuan egon nahi du, "eskatzen didaten eta lagundu dezakedan lekuan". Oraingoz, alderdi popularraren hurrengo Kongresurako konpromisario gisa aurkeztu du bere burua. Apirilaren 1ean eta 2an izango da bilkura, Sevillan.
Era berean, adierazi duenez, "pentsatzekoa da noizbait PPren kongresu bat izango dela Euskadin, behin-behinekoak izateko jaio ziren egoerak betikotu ez daitezen". Haren aburuz, pertsonak dira garrantzitsuena, baina baita proiektua bera ere, "eta gustatuko litzaidake horretan parte hartzea, eta nire kideei laguntzea, beharbada ibili ezin izan genuen bide hori berreskuratzen".
Carlos Iturgaizen lidergoari buruz, "oso une zailean" iritsi zela ulertzen duela dio, eta, bere ustez, "denbora honetan zehar egin duen ahalegina zauriak ixten joatea" izan da. Alonsorentzat, une ona da "PPk berriro bulkada hartu eta euskal gizarteak alderdi erabilgarritzat har dezan, eta aurrerapausoak ematen jarraitzeko alternatiba gisa aurkeztu arte".
Duela bi urte Euskadiko PPtik atera zenekoaz galdetuta, azaldu du Casadok ez zuela euskal PP bat nahi, "PP bat Euskadin" baizik. Bere taldeak aurkeztutako proiektuak, ordea, "nolabaiteko autonomia behar zuen, eta euskal gizartearekin konektatzeko ahalmena". Gainera, aipatu du hedabideen bitartez izan zuela zenbait akordioren berri.
Casadoren garaiko gazteen "ilusioa" berreskuratzea proposatu du, haren proiektuaren legatu modura. "Talde berria sortu nahi izan zuen, eta hori ondo dago, baina adimenari uko egin dio. Ulertzekoa da gertatutakoa gainditzen zaila izatea, baina guztiak dauka ziklo bat", esan du.
Alonsok azpimarratu du ez dela politika publikora itzuliko, izan ere, "nire zikloa egin nuen, baina inoiz ez dut politika guztiz uzteko asmorik izan". Hala, bigarren-lerro batean parte hartzen ikusten du bere burua, eta azpimarratu du: "Feijook behar nauen lekuan izango naiz".