Politika -
Presidenteen Biltzarra
Ukraina, Covid-19a eta susperraldi ekonomikoa izango dituzte hizpide gaur La Palman
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak gidatuko du Presidenteen XXVI. Biltzarra, gaur La Palman. Konferentzia horretan gobernu autonomikoetako buruzagi guztiak bilduko dira, espainiarrek Palmako bizilagunei eskainitako babesaren eta elkartasunaren irudi.
Agentziak | Eitb Media
Ukrainako gerraren eraginari eman beharreko erantzuna, Covid-19aren pandemiaren bilakaera, susperraldi ekonomiko eta soziala eta Berreskuratze Planaren funtsen gauzatze-egoera izango dira igande honetan La Palma uhartean egingo den Presidenteen XXVI. Biltzarraren funtsezko gaiak.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea izango da bileraren buru, eta gobernu autonomikoetako buruzagi guztiak bilduko ditu, espainiarrek Palmako bizilagunei eskainitako babesaren eta elkartasunaren irudi. Gainera, Gobernuaren aldetik, bederatzi ministrok hartuko dute parte.
Presidenteen XXVI. Biltzarrak Errusiako Federaziok Ukrainaren gain abian jarritako eraso militarraren eraginei erantzuteko Lankidetza Plana jorratuko du.
Era berean, Covid-19aren pandemiaren ondoriozko egoera epidemiologikoa, susperraldi ekonomikoa eta soziala, Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko (PRTR) funtsen gauzatze-egoera, Presidenteen Biltzarraren araudiaren aldaketa eta Babes Zibileko larrialdien arloko lankidetza ere osoko bilkuran aztertu beharreko gai nagusiak izango dira.
Presidenteen Biltzarra Estatuaren eta autonomia-erkidegoen eta hiri autonomoen arteko lankidetza multilateraleko maila politiko goreneko organoa da, eta bertan izango da, halaber, Abel Caballero Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioko (FEMP) presidentea ere, sistema autonomikorako garrantzi berezia duten gaiei buruz eztabaidatu eta erabakiak hartzeko.