Politika -
Eusko Legebiltzarra
Eusko Legebiltzarreko Mahaiak Voxen parte-hartze eskubideak urratu dituela ebatzi du Auzitegi Konstituzionalak
Konstituzioaren aurkako jo ditu Mahaiak Talde Mistoaren izenari eta gai-zerrendei eta Legebiltzarreko esku-hartzeei buruz hartutako bi erabaki.
Agentziak | Eitb Media
Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren Osoko Bilkurak partzialki onartu du Eusko Legebiltzarreko Talde Mistoak eta Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkide eta talde horretako kide bakarrak aurkeztutako babes-errekurtsoa. Auzitegiak adierazi duenez, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak 2020ko abuztuaren 13an eta irailaren 8an Talde Mistoaren izenari eta gai-zerrendei eta Legebiltzarreko esku-hartzeei eta gai-ordenei buruz hartutako erabakiek "urratu egin dute alderdi horrek politikan parte hartzeko duen eskubidea".
Antonio Narvaez magistratua izan da txostengilea eta ebatzi du, Eusko Legebiltzarraren Erregelamenduak jasotzen duenaren haritik, Talde Mistoak erabateko baliozkotasuna eta eraginkortasun juridikoa duela antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko barne-araudia ezartzeko, eta baita, besteak beste, Taldeari izen bat emateko, "are gehiago taldea alderdi eta legebiltzarkide bakarrak osatzen duela kontuan hartuta".
Gainera, Konstituzionalak adierazi duenez, "oraingoan ez bezala, aurreko legegintzaldietan Talde Mistoari utzi zaio bere kide bakarraren alderdi politikoaren izena emateko". Zehaztu duenez, taldeak izen desberdinak hartu izan ditu "kideen alderdi politikoen arabera".
Era berean, Fiskaltzaren babesarekin, Auzitegi Konstituzionalak arrazoia eman dio Martinezi hark aurkeztutako kexaren aurrean. Martinezek salatu zuen Legebiltzarreko Mahaiak mugatu egin zaizola ekimenak aurkezteko aukerak (osoko bilkura arruntetatik bakar baten eman zaio aukera), bai eztabaidetan esku hartzeko denbora -gainerako taldeei dagokienaren herenera–, bai eta osoko hiru kontrol bilkurez behin, interpelazio bat eta ahozko lau galdera sartzeko aukera ere.
Konsituzionalaren arabera, Eusko Legebiltzarreko Mahaia bere araudia urratzen ariko litzateke, Auzitegi Konstituzionalak esan duenez, Talde Mistoaren parte hartze irizpideak Legebiltzarreko gainerako taldeen berdinak behar dutela baitio hark 25.1 artikuluan, berdinak maiztasunean eta berdinak iraupenean. Horrenbestez, "hirutik bi osoko bilkuratan, errekurtsogileei galarazi egin zaie parlamentu-eginkizunik funtsezkoenak betetzea, hala nola ekimenenak aurkeztea (lege-proposamenak edo ez-lege-proposamenak, mozioak) bai eta Gobernuaren kontroleko eginkizunak ere, eta horrek ius in officium-ari (kargu publiko batek dituen betebeharrak) errotik eragiten dio", epaiaren arabera.
Eusko Legebiltzarra, epaia jasotzeko zain
Orain, Eusko Legebiltzarra Auzitegi Konstituzionalaren epaia jasotzeko esperoan dago, ebazpen judizial hori aztertzeko eta nola burutu zehazteko.
Eusko Legebiltzarretik azaldu dutenez, oraindik ez dute epaia jaso, ezta Auzitegi Konstituzionaleko zenbait magistratuk horren aurrean aurkeztutako boto partikularrak ere. Ganberak dokumentazio hori jasotzen duenean, Legebiltzarreko Mahaiak aztertu eta epaia nola bete zehaztuko du, ez baitago horren aurkako helegiterik aurkezterik.