Politika -
Gazteria Legea
Emantzipazioa, gazteria-sistema eta parte-hartzea, Gazteria Lege berriaren ardatzak
Eusko Legebiltzarrak 12 eta 30 bitarteko herritarren bizi baldintzak hobetzea helburu duen legea onartu du, “antzeko legeen belaunaldi berriaren eskubideen katalogo zabalena duen gazteria-legea”.
O.P. | EITB MEDIA
Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak EAEko lehen Gazteria Legea onartu du gaur, 12 eta 30 urte bitarteko herritarrei bizi baldintzak hobetzeko helburuz. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu duenez, lege berriak hiru ardatz nagusi ditu oinarrian eta "antzeko legeen belaunaldi berriaren eskubideen katalogo zabalena duen gazteria-legea da".
Ardatz horietako lehena, gazte-emantzipazioarena da, eta helburu argi bat ezarri du legeak: 2030erako batez beste 28 urtetara murriztea gazteen emantzipazio adina, bistatik galdu gabe, hori bai, hamarkada bat daramala lerro horrek 30 urteko adinean. Artolazabalek ohartarazi duenez, "emantzipazio adina murriztea ez da erraza". Horregatik, helburu hori lortzeko emantzipazio politikak, "faktore objektiboetan eragiteko diseinatu eta zabaldu dira, hala nola etxebizitzan, enpleguan, kredituan, laguntzetan eta informazioan". Halaber, faktore subjektiboak ere kontuan hartu dira, besteak beste gazteak familia-etxetik irten eta emantzipazio hori egonkor bihurtzea baldintzatzen duten aukerak eta kultura.
Gazte-emantzipaziorako EAEko sarean GAZ, Gazteriaren proiektuak Abian jartzeko Zerbitzua ere martxan jarriko da, online zerbitzua eta aurrez aurreko zerbitzuen sarea; horiek guztiak elkarri konektatuta daude, emantzipazioan eta helduarorako bidean laguntzeko. Emantzipazio-prozesuan hura finkatu arte informazioa, orientazioa eta laguntza emateko zerbitzu integrala eta pertsonalizatua da; horretarako, profesionalen ekipo espezializatuak baliatzen dira, eta emantzipazioa sustatzeko interesa duten eragileen ekosistema birtual bat ere barne hartzen du", azaldu du sailburuak.
Sistema eta parte-hartzea indartu
Bestetik, gazteria-sistema indartzea da gazteria estrategiaren bigarren ardatza, prestazio- eta zerbitzu-sarea indartzea nerabezaroaurretik eta helduarorako bidean. Gazteria-sistema sendotzeko tresnek honako hauek barne hartzen dituzte, besteak beste: gazte-informazioa eta -orientazioa; aisia hezigarria, inklusiboa eta parte-hartzailea; gazte-ekipamenduak, aterpetxeen sarea barne; gazte-ekimenen sustapena; gazte-mugikortasuneko programak eta gazte-emantzipaziorako EAEko sarea.
Hirugarren ardatzak, berriz, gazteen parte-hartzea izango du helburu, eta horretarako parte-hartze zuzena sustatzeko politika, zerbitzu eta ekimenak diseinatzea eta abiaraztean jarriko dituzte indarrak, besteak beste, sektore publikoaren eta gazteen arteko harremanean etapa berri bati ekiteko, "elkarrizketa egonkorraren, hurbilaren eta zehatzaren bidez", Artolazabalek esan duenez.
Gazteria Legearen helburuak lortzeko eta politika horien eraginkortasuna eta koordinazioa errazteko, sail arteko batzordea eta erakunde arteko organoa jarriko dituzte abian, "kide anitzeko gobernamendu-tresnak zabaltzeko". Gainera, sailburuak azaldu duenez, EAEko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiko Haur, Nerabe eta Gazteen Batzordea ere eratu berri da.
EAJren, PSE-EEren eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoaren bidez onartu da legea eta, Artolazabalek onartu duenez, "Legebiltzarreko izapidetzeak testua aberastu du", izan ere, gobernuko alderdiek proposatutako hasierako testuari EH Bilduk egin dizkion 66 zuzenketetatik 56 jaso ditu azken testuak, eta Elkarrekin Podemosek egindako 60etatik 55. Halaber, 23 artikulu izan dira zuzenketarik gabe onartu direnak.
Euskadiko Gazteriaren Kontseilua
Maialen Olabe Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidentea, oso pozik agertu da, iraganean hainbat saiakera egin ondoren, behingoz lortu delako Gazteria Legea idatzi eta onartzea. Gaineratu duenez, gizarteak erronka handiak ditu, "besteak beste, gazteoi bizitza-prozesu duin baterako aukerak ematea", gazteria erdigunean izango duten neurriekin.
Hori dela eta, eskerrak eman dizkie Gazteriaren Legeari forma emateko arlo teknikoan zein politikoan egindako ahalegina egin duten guztiei, bai eta Gazteriaren Euskal Kontseiluaren bidez legea osatzeko lan egin duten eta ekarpenak egin dituzten pertsona guztiei ere.