Politika -
Ukrainako gerra
Aljeria Europara gas gehiago bidaltzen saiatuko dela esan du Espainiako Gobernuak
Aljeria Europako hirugarren gas hornitzailea da. Afrikako herrialdearen esportazioen % 83 heltzen dira Europara. Espainia eta Italia dira helmuga nagusiak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Europa laguntzen eta Espainiara gas gehiago eramaten saiatuko dela jakinarazi dio Aljeriak Espainiako Gobernuari, Ukrainako gerrak piztu duen krisi energetikoari aurre egiteko, Exekutiboko iturriek jakitera eman dutenez.
Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak Abdelmayid Tebune Aljeriako agintariarekin hitz egin zuen igandean. Espainiaren hornidura bermatzeko konpromisoa azaltzeaz gain, laguntzeko borondatea agertu zion Tebunek Sanchezi, arlo energetikoan europarren bazkide fidagarria izan nahi duelako.
Zentzu horretan, Espainiaren bidez gas gehiago bidaltzen saiatuko dela ziurtatu du Aljeriak, iturrien arabera, eta hori gauzatzeko bi gobernuen arteko lankidetza estua iragarri dute.
Errusiako gas eta petrolioarekiko menpekotasuna murrizteko EB une hauetan egiten ari den apustuan, Aljeriak funtsezko papera jokatu dezakeela uste du Espainiako Gobernuak.
Aljeria Europako hirugarren gas hornitzailea da. Afrikako herrialdearen esportazioen % 83 heltzen dira Europara. Espainia eta Italia dira helmuga nagusiak (2021ean % 65).
Toufik Hakkar Sonatracheko presidenteak duela gutxi ziurtatu zuenez, Aljeriako hidrokarburoen enpresa "egoera zailetan" laguntzeko prest zegoen, gas natural likidotuaren bidez, baina aurrena merkatu nazionala eta beste herrialde batzuekin dituen kontratuak bete behar dituela argi utzi zuen.
Hala ere, biderik errazena Italiaren bitartez izango litzakeela azaldu zuen Hakkarrek: TransMed gasbidea, Aljeriako gasa Italiara eramaten duena. Era berean, MedGaz gas-hodiaren bidez Espainiara gasa bidaltzen du Aljeriak.
Magrebetik (Maroko) Europara Aljeriako gasa eramaten zuen hirugarren gasbidea iragan azaroan itxi zuen Aljerrek, krisi diplomatikoaren ondorioz. Aljeriak Marokorekin harreman diplomatikoak hautsi zituen abuztuan. Oraingoz ez du ematen bide horretatik gasa hornitzen hasteko aukerarik egongo denik.
EBren akordioa nahi du Riberak Errusiako gasari uko egiteko
Trantsizio Ekologikoaren presidenteorde Teresa Riberak argi utzi du "aho batez" hartu behar direla Errusiaren aurkako zigorren gaineko erabakiak, nahiz eta handik datorren gasari eta petrolioari uko egiteko orduan erabaki "drastikoa" hartzearen alde agertu den.
"Europar Batasuneko herrialdeen artean adostasuna egon behar da gisa horretako erabaki bat hartzerakoan", azaldu du komunikabideek Kongresuan egindako galderei erantzunez.
"Eztabaida zaila da, EBko kide bakoitzak, energiari dagokionez, Errusiarekiko duen menpekotasun maila oso ezberdina delako. Hartara, nork bere erabakia hartuz gero, zigor proposamen oso ezberdinak egon litezke, bakoitzaren beharren arabera", esan du.
Hala eta guztiz ere, begi onez ikusi du "nork bere kasa gasaren eta petrolioaren erosketa drastikoki eteteko apustua egitea".
Ildo horretan, adierazi du Europako enpresek zein Espainiakoek alternatibak bilatu behar dituztela, hornigai errusiarra alde batera utzi ahal izateko.