Politika -
UKRAINAKO GERRA
Espainian egoera irregularrean dauden ukrainarrei eta gerratik ihesi doazenei egoitza-baimena emango diete
Europar Batasunak iragan astean aktibatu zuen direktiba bati esker, gutxienez urtebeteko babesa emango zaie ukrainarrei eta Ukrainan bizitzeko baimena zuten atzerritarrei. Bizitzeko baimena ez ezik, osasun arreta eta hezkuntzara sarbidea bermatuta izango dituzte denbora horretan.
AGENTZIAK | EITB Media
Duela 14 egun Ukrainako gerra hasi zenean Espainian egoera irregularrean zeuden ukrainarrek egoitza-baimena eskuratu ahal izango dute, Europar Batasunak iragan astean aktibatu zuen direktiba bati esker.
Atzo, Espainiako Ministroen Kontseiluak zuzentarau hori ezartzea eta horren aplikazio eremua zabaltzea onartu zuen.
Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuko bozeramaileak atzoko prentsaurrekoan azpimarratu zuenez, 2001ean Europar Batasunak onartu zuen direktiba bat baliatuko dute pertsona horiei guztiei babesa emateko. Bizitzeko baimena ez ezik, osasun arreta eta hezkuntzara sarbidea bermatuta izango dituzte gutxienez urtebetez.
Gutxienez urtebeterako babesa izango dute Ukrainako gerra hasi zenetik herrialdetik ihes egin dutenek eta aurretik Espainian zeuden eta Ukrainara itzuli ezin direnek, egoitza-baimena izan ala ez.
Halaber, babes hori jasotzeko eskubidea izango dute Ukrainan bizi ziren ukrainarrek, Ukrainan bizileku baimena zuten atzerritarrek eta horien guztien bikotekideek eta seme-alabek.